Kawa Leauama Ampo Ordiziako jokalaria larri zaurituta ospitalean dago
Ampo Ordiziak eta Federazioak zabaldu duten azken informazioaren arabera, jokalariaren osasun egoeraren bilakaera "positiboa" izaten ari da.
Kawa Leuama Ampo Ordizia errugbi taldeko jokalaria ospitalean dago ingresatuta istripu bat izan eta gero. Ordizia Rugbi elkarteak zabaldu duen komunikatuaren arabera, Espainiako eta Herbehereetako errugbi selekzioen arteko partidaren ondoren gertatu zen ezbeharra. Espainiako selekzioak deitu zituen jokalarien artean zegoen, Ampo Ordizia errugbi taldeko bigarren lerroa Kawa Leauma zeelanda berritarra.
Ordiziako taldetik iritsitako azken informazioen arabera, “Kawaren egoerak hobera” egin du. “Hala ere, oraindik zuhurtziaz eta lasaitasunez jokatu behar dugu, eta batez ere, jokalariaren pribatutasuna errespetatuz”.
Federazioak ere zuhurtzia eskatu du
Espainiako errugbi federazioak ere, sare sozialen bidez eman zuen ezbeharraren berri, gertatutakoaren inguruko zehaztasunetan sartu gabe. Jokalariaren osasun egoeraren bilakaeraz informatzen jarraituko zutela ere adierazten zuten mezuan.
Hurrengo orduetan, komunikabide desberdinek ere zabaldu dute albistea. Argitaratu diren informazioen arabera, Leiden hiriko merkataritza-gune batean zegoen Leauma, eta teilatuen zegoen terraza batetik behera erori zen, kolpe handi bat hartuz.
Informazio horien aurrean, Federazioak ondorengoa azpimarratu zuen: “Egiaztatu gabe eman diren informazio batzuen aurka, Leauma ez zegoen inongo merkataritza-guneetan, eta ez zen teilatu batetik erori. Ustekabeko istripu bat da, eta informazio gehiago izan arte, gutxi gehiago esan daiteke”.
Gainera, “Amsterdametik albiste positiboak iristen ari dira” adierazi du Federazioak. “Azken parte medikoaren arabera, hobera egin du, baina lasai egon eta itxaron egin behar dugu”. Hori da oraingoz zabaldu duten azken mezu ofiziala.