Eliza pareko zubi berria izango du Lazkaok inbertsio handiena 2022an
Udalbatzak 8,3 milioi euroko aurrekontua onartu du, EAJ alde eta EH Bildu aurka direla. Udal eraikinetan eguzki-plakak jarriko dituzte. Inbertsio ahalmena, 1,1 milioikoa
Lazkaoko Udalak 8.304.865 euroko aurrekontua izango du 2022rako, aurtengoa baino %3,35 handiagoa. Ostegunean, urteko azken udalbatzarrean onartu zuen udalbatzak, EAJren aldeko zazpi botorekin eta EH Bilduren aurkako seirekin. Udal gobernuko taldeak aurkeztutako aurrekontua «hiru lan-ildo estrategiko» garatzeko tresna izango dela ziurtatu du Kepa Zubiarrain alkateak: herritarren babesa eta ongizatea, garapen ekonomikoa eta enplegua, eta «etorkizuneko Lazkao jasangarriagoa, berdinzaleagoa eta ekologikoagoa».
Gastu arrunta mantenduko da, baina Gizarte Zerbitzuetako diru saila %25 haziko da: 475.000 euro denera. Hortik, 340.000 etxez etxeko laguntza zerbitzura bideratu da (+%23).
Pandemiaren «mehatxua» guztiz uxatu gabe dagoen arren, «normaltasun berrira» egokitzeko aurrekontu «solidarioak eta aurrerakoiak» direla dio alkateak.
Inbertsiorako 1,1 milioi
2019-2023 legealdi planean aurreikusitako proiektuak izango dira langai nagusiak, inbertsio publikoari «bultzada» emanda. Udalak 1.147.075 euroko inbertsio-ahalmena izango du. Kopuru horren %20 San Migel elizaren eta San Prudentzio eskola-etxearen artean oinezkoentzat zubi berria eraikitzeko bideratuko dute.
Kopuruz, bigarren neurri handiena energia jasangarriaren planeko jarduerek hartuko dute: kale argiak led sistemara aldatzen jarraitzeko 100.000, eta eraikin publikoetan eguzki-plakak jartzeko 165.000. Bestetik, baso sailak erosteko eta azterketak egiteko 60.000 bereizi ditu.
Horiez gain, proiektuak idazteko eta azterketa teknikoak egiteko, guztira 245.000 jarri dira. Lan handiena HAPO Hiri Antolamenduko Plangintza Orokor berria diseinatzen hastea izango da. 2022an 100.000 eta 2023an 150.000 euro hartuko ditu. Hiribarren aldean segiko dute berritze lanek 2021eko inbertsio handiena izan zen hango urbanizazioa, eta errotonda azpiko aparkalekua berritzea izango da jarduera bat. 2022 hasieran hasiko dira lanekin.
EH Bilduren ezezkoa
Negoziazioan adostasunera irits zitekeela zirudien arren, azkenean EH Bilduk aurkako botoa eman dio aurrekontuari. EAJren jarrera gaitzetsi du, eta egindako proposamenei ezezkoa erantzun diela iradoki du koalizioak, errespetu falta eta gehiengo osoaren arrabola erabiltzea leporatuta. Eztabaida luzea piztu zen, unetan ika-mika bihurtu zena.
Zintzotasunez ez jokatzea eta ezinezko baldintzak jartzea egotzi dio, berriz, EAJk EH Bilduri, euskara, gizarte zerbitzu eta berdintasuneko diru sail batzuk EH Bilduk kudeatzeko proposamenari erreferentzia eginez.
2022ko inbertsio nagusiak
· Zubia. ……………………………..229.575 euro
· Landa eremuan ura. ………………….65.000
· Hilerrian egokitzapenak ……………80.000
· Eguzki-plakak jartzea ………………165.000
· Kale argiak led-era. …………………..90.000
· Ur kontagailuak aldatu. …………….50.000
· Larreategi urbanizaz. ………………..80.000
· Landa eremuan argiak. ……………..20.000
· Baso lurrak erosi. ……………………..70.000
· Futbol zelaiko luiziak. ……………….30.000PROIEKTU-AZTERKETAK
· Futbol zelai artifiziala. ……………….15.000
· HAPO (1. zatia). ……………………..100.000
· Lazkaomendi oinezko bidea. ……..50.000
· Aresoko proiektua. ……………………15.000
· Gurutzeko proiektua. ………………..15.000
· Kirol ekipamenduen azterketa. ….20.000
· Gazteria azterketa. ……………………25.000
· Kirol praktikarako ibilbideak. ……10.000
Bi lanpostu gehiago onartu dituzte udalerako
Udalbatzak lantaldearen zerrenda onartu du. Lehen aldiz, idazkaria eta kontuhartzailea bereizi dituzte, orain arteko postu bakarra bikoiztuta. Idazkari berria hartzeko prozedura hasita dago, aldundiaren eskutik. Ez dagoela «batere erraza» aurreratu du Kepa Zubiarrain alkateak, oro har dagoen eskasia eta arazoa ikusita.
Bestetik, udaltzain postu bat gehiago jartzea onartuta dauka udalak, eta 2022an hartuko du. Izen-emate epean dago orain prozedura, eta hautagaiak aurkezten ari dira.
Azkenik, 5.000 biztanletik gorako udalerria izanik, diruzain postua ere zerrendan sortu beharra dauka udalak, eta hala egin du, nahiz ez duen oraindik beteko.
Udalbatzar berean, Barandiaran kiroldegia hazteko proiektua ere onartu zen, EAJ alde eta EH Bildu aurka zirela.