Ekaitz Goikoetxeak Zapirain anaiak bertso paper lehiaketa irabazi du
Ekaitz Goikoetxeak Errenteriako (Gipuzkoa) Zapirain anaiak bertso paper lehiaketa irabazi zuen ostiralean, anorexiari buruzko Ze zaila den! bertso sortarekin. Alabari nola lagundu ez dakiten gurasoen azaletik idatzi zuen beasaindarrak.
Sariari baino gaiari erreparatu behar zaiola esan du Goikoetxeak. «Anorexia eguneroko ogia da. Gazteekin lan egitean sarri ikusten dira elikadura nahasmenduak eta itxurarekin arazoak», ohartarazi du. «Pandemiak ikusarazi egin du arazoa. Familiak elkarrekin bazkaltzen hasi dira eta asko orduan jabetu dira». Kontua da sarri ez dakitela nola lagundu. Bera gure esperoan, / gu berari itxaroten, / ez dakit benetan nola lagun geniezaiokeen, dio Goikoetxeak.
Elikadura arazoak eta itxuraren gorabeherak lantzen lehenago hasi zen Goikoetxea. Urte hasieratik Balio erantzia proiektuarekin dabil, Josu Maroto zumarragarrarekin. «Oso gustura nabil. Tabu diren gaiak diren arren zer esana badaukadala sentitzen dut», azpimarratu du. Epaileen, irakurleen eta entzuleen artean duten harrerak bete eta idazten jarraitzeko indarrak ematen dizkiotela gaineratu du.
Hirugarren serea
Goikoetxearentzako 2021a urte «borobila» izan da, «ikaragarri ederra». Basarri Saria irabazi zuen bosgarren urtez jarraian eta Lazkao txiki sariketa ere bereganatu zuen. Gainera, GenEroan, Huntzaren azken diskoan eta Naizen elkartearen abestian ere hartu du parte, besteak beste.
Datorren urterako ere hainbat proiektu ditu esku artean. Bertsoak, baina, neguan baztertu egingo ditu. «Udan idazten dut, gehienbat. Neguan lana dela eta ez dela, ez dut nahi beste denborarik izaten». Irakaslea da, eta ikasleei entzun egin behar zaiela dio, erdigunean jartzen ez diren arazoen berri izateko.