Historia, herriko zubien bidez
Itsasoko zubi historikoen azterlana egin dute Pilare Muxikak eta Anttoni Okarizek. 26 herritarren testigantzak jaso dituzte, eta 40 zubi historikoren informazioa batu dute.
Itsasoko zubi historikoen azterlana aurkeztu dute asteburuan Pilare Muxikak eta Anttoni Okarizek. Urtero herriko elementu ezberdin bat aukeratu, aztertu, datuak jaso eta txosten batean bildu eta zabaltzen dute lana. Karobiak, errotak, bolatokiak, mugarriak… landu izan dituzte, eta aurten zubi historikoak izan dituzte aztergai, «ondare aberatsa eta gutxi ezagutzen diren bitxiak direlako».
Pilare Muxikak azaldu bezala, urte dezente daramate ondarea «katalogatzen, jasotzen eta zabaltzen», baina ez da behin betiko izaten. «Jasotzen dugun ikerketa beti irekita gelditzen da, norbaitek esandakoarekin edo artxiboan ikusitako elementu gehiago aurkitzen ditugu».
Zubien txostena osatzeko, 26 itsasoarren testigantzak jaso dituzte, eta 40 zubiren informazioa zehaztu dute: mantendu diren 11 harrizko arkudun zubi; desagertuta eta eraldatuta dauden lau harrizko arkudun zubi; mantentzen diren egurrezko hiru zubi; eraldatutako egurrezko 15 zubi; eta XX. mendean harriz edo hormigoiez egindako zazpi zubi.
Zubia eta bidea
Azterlana zubi historikoena izan bada ere, beste elementu bat ere aztertu ahal izan dute. Zubi historikoak landuz bide historikoen informazioa ere jaso dute, eta emaitza mamitsua izan da. «Abantailazko kokapena du Itsasok Goierrin, mendebaldetik datorren Zumarragatik beherako errepideak duen antzinatasunagatik, Zozabarro zubia zeharkatuz eta baita Alegia auzoak zubiari esker elkartzen dituen hiru herrien gunea igarotzeagatik eta baita Iparraldean Mandubiatik kostalderantz Matxinbentara heltzen zen galtzada zaharraren arrastoa uzten digun Katarreta zubiagatik ere».
XX. mende erdialdera arte herri barneko lurralde egitura nolakoa zen irudikatu dezakete zubi eta bideen bitartez: herrigunera zuzendua, alde batetik, eta galtzadei zuzendua, bestetik. XX. mendeko 60. hamarkadatik aurrera, «baserri bide berrien eraikitze prozesuen testigantza» ere badira. Ondarea zaintze-aldera, «azken hamarkadetan hainbat zubi historiko azpiegitura handiengatik errotik desagertu» direlako, «erakundeen aldetik babes neurriak» eskatu dituzte.
Barne eta kanpo
Historian zehar Itsaso barnetik eta kanpora zeharkatzen lagundu duten zubiak aztertu dituzte, bideak ere oinarri izanik. Horrez gain, zubi ertzeko elementu osagarriak ere jaso dituzte: lixiba-harriak, liñaputzuak, zesta-egur putzuak, zumea beratzeko guneak, garbitokiak…