Iosu Lasaren marrazkiak ikusgai
Artista legazpiarraren lanak gaur jarriko dituzte ikusgai Kultur Etxeko erakusketa aretoan, urtarrilaren 5era arte.
Legazpiko artista baten lanak ikusteko aukera izango da gaurtik aurrera Kultur Etxeko erakusketa aretoan. Iosu Lasa Urtzelaik egindako marrazkiak urtarrilaren 5era arte egongo dira ikusgai. Plumilaz egindako ilustrazioak dira, eta Legazpin aurkezten dituenak urte askoan zehar egindako lanen aukeraketa bat dira.
Iosu Lasa nerabezaroan hasi zen marrazten, eta Debako Arte eta Ofizio Eskolan landu zuen afizioa, prestakuntza formala jasoz. Gerora, Bilboko akademia batean aritu da, eta Beasainen bizi den honetan, bertako Jokin Telleria artistaren eskoletara joaten da.
Estilo pertsonala
Orri zuria aurrean duela, imaginazioa askatu eta marrazki ikusgarriak egiten ditu Lasak, barruan duenari irteteko bidea emanez. Legazpiko erakusketa hau laguntzeko kaleratu duten eskuorrian jasotzen denez, «bere marrazkietan ez dago zuzenketarik, zentsurarik gabe adierazteko duen modua da. Iosu marrazkiaren zerbitzura jartzen da, bere irudi polimorfoen mugak lausotzeko eta bere irudimenaren aberastasuna haietan kontzentratzeko».
Estilo oso pertsonala lantzen du, eta boligrafoa paperetik ia altxatu gabe, hasi eta bukatu arte egiten dituen ilustrazioak ditu gustukoen.
Erakusketa gehiago
Ez da lehen aldia Legazpiko Kultur Etxeak Lasaren marrazkiak erakusten dituena, eta artista legazpiarra oso pozik dago urte askoren ondoren berriz ere horretarako aukera eman diotelako. Herritik kanpo ere ezaguna da horren lana. Tolosako 3Tabernan egin du azkenetako erakusketa, irailean.
Legazpiko erakusketa gaur inauguratuko dute eta urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera bitartean, 17:30etik 20:30era.