Kalean maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da berriro
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak jakinarazi du bihar lege dekretu baten bidez onartuko dutela agindua.
Kalean maskara jartzera derrigortuko du Espainiako Gobernuak berriro. Horrela jakinarazi du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak autonomia erkidegoen konferentzian. Lege dekretu baten bidez onartuko dute agindua. COVID-19aren seigarren olatuko kasu positiboen gorakadari aurre egiteko neurri gehiago hartu nahian antolatu du Madrilek gaurko bilkura.
Neurri gehiago ere jakinarazi ditu Sanchezek: Espainiak militarrekin indartuko dituela txertaketa taldeak, eta Espainiako armadaren ospitaleetan zibilak hartuko dituztela. Osasun zentro publiko eta pribatuetan erretiroa hartua duten osasungintzako langile ohiak kontratatzeko aukera ere emango du Espainiako Gobernuak. Izan ere, txertaketa bizkortu nahi dute eta urtea amaitu aurretik 60 eta 69 urte bitartean dutenen %80 txertatuta egotea nahi du; eta 50 eta 59 urte bitartean dutenak urtarrilaren 24rako. 40 eta 49 urte bitartean dutenak martxoko lehen hasterako txertatu nahi dituzte. Haurren txertaketaz esan du otsailaren 7rako 5 eta 11 urte artekoen %70 lehen dosiarekin txertatuta egotea nahi duela, eta portzentaia berean bigarren dosiarekin martxoko lehen hasterako.
Urkulluk eskatu du tabernak eta dendak 21:00etan ixtea abenduaren 24an, 25ean, 31n, urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an.