Sagarra eta pedagogia
Sagarraren Txokoa dinamikarekin, Euskal Herrian fruituen artean erregina izan den sagarraren balioa transmititzea du helburu Oihana Unanue ingurumen teknikariak. Jakintza Ikastolakoak Oiangun izan dira.
Sagarra. Euskal lurretako fruitua. Baserrien etekin ekonomikoa izan dena. Gure edari nagusiaren oinarri. Barnealdeko lurretatik kostalderaino, sagarra izan da erregina.
Hala, Sagarraren Txokoa dinamikaren baitan, gaztetxoenekin, fruitu honen esanahia, paisaiarekin duen lotura, gure kultura eta hitzekin duen zerikusia, eta egun duen funtzioa lantzen aritu dira Ordizian, Oiangu parkea aldetik aldera zeharkatuta aurkitzen den sagastian. Oihana Unanue ingurumen teknikaria jardun da Jakintza Ikastolako haurrekin, helburu nagusi batekin: jolasaren bidez, urteetan zehar jasotako sagarraren inguruko jakinduria guztia eta pasioa transmititzea. Unanue bera izan da proiektu honen lehen harria jarri duena, «sagarraren inguruko jakintza berriro ere hizketa-gai bihurtzea ezinbestekoa» dela uste baitu. Unanuek Sagardoa Route, Euskal Sagardoaren, Fruitel-en eta Gipuzkoako Frutagileen Elkarteen babesa du.
«Eduki didaktikoaren barruan sagarra, sagastia, bioaniztasuna eta natura lantzeaz gain, tokian tokiko ezaugarriak landu ditugu». Gainera, «lurralde bakoitzak dituen ezaugarriak kontutan eduki dira, bertako kultura, ohiturak eta gertakariak landuz». Metodologiari dagokionez, «azalpenak, ekintza praktikoak eta joko didaktikoak tartekatu» dituzte, hala, «parte- hartzaileak, kide aktibo bihurtuz».
Sagarraren Txokoak hainbat ardatz ditu, urtaroaren eta adinaren arabera. Garaian garaiko ekintzak planteatzen dira lurralde bakoitzeko berezitasunak kontuan izanda dinamika beste toki batzuetan garatzen ari dira. Funtsean, hauek dira oinarri nagusiak: landaketa, txertaketa eta kimaketa garaia, urtarrila eta martxoa artean; loraldia, apirila eta maiatza bitarte; eta uzta garaia, iraila eta azaroa artean.
Jakintza ikastolako haurrekin uzta garaia landu dute, nahiz eta horretarako garai aproposena baino beranduago aritu diren, eguraldia ez dutelako aldeko izan.
Zuku goxo-goxoa
Azalpen didaktikoen ondoren, taldetan banatu, eta batzuek, orientazio jolasa egiten zuten bitartean, besteak, sagar biltzen aritu dira. Saioaren amaieran, dolare txiki batean, bildutako sagarra zanpatu, zukua atera, eta guztien artean egindako sagar zukua dastatuz bukatu dute.