Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin diru bilketa egingo du ZerainLabek
Olentzero solidarioa antolatzen duten zazpigarren urtea izango da. Mandio eta Ostatu tabernetan bilduko da dirua, urtarrilaren 9ra arte. Iaz ere Gipuzkoako Elikagaien Bankura bideratu zuten
Gabon jaiekin batera, Olentzero solidarioa antolatu du ZerainLab elkarteak beste urtebetez. Iaz bezala, Gipuzkoako Elikagaien Bankura bideratuko dute bildutako dirua, pandemiaren ondorioz beharrean dauden herritarrei emateko. 2015ean ekin zion elkarteak Olentzero solidarioa ekimena antolatzeari, eta harrezkero kausa ezberdinetarako erabili izan dute dirua, inguruan zein kanpoan. Aurtengoa zazpigarrena izango da.
«Azken urteetan bizitako COVID pandemiaren ondorioz urrutira joan gabe laguntza beharrean dauden familiei laguntzea» erabaki du aurten ZerainLabek, Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin elkarlanean. Horretarako dirua gaurtik aurrera bilduko dute Zeraingo Mandio eta Ostatu tabernetan jarritako itsulapikoetan, urtarrilaren 9ra arte. Herritarrak animatu dituzte parte hartzera eta ahal den neurrian donazioak egitera. Ez dago zenbateko zehatzik eta herritar bakoitzak nahi duen kopurua eman dezake.
Euskal Herritik kanpora bideratu zuen ZerainLabek aurreneko kanpainetan jasotakoa, Aitziber Makatzaga elkarteko kideak azaldu bezala: «Hasieran Haitira bidaltzeko dirua, Saharara bidaltzeko elikagaiak, Cabo Berdera bidaltzeko jostailuak… bildu izan ditugu». Iaz, ordea, COVID pandemiagatik «gertuan ere beharrean zegoen jende asko zegoela» ohartu eta Gipuzkoako Elikagai Bankuari eman zioten dirua. «Aurten ere egoerak ez duenez asko hobetu, elkarte berarekin elkarlanean jarraitzea erabaki dugu». Iazko Olentzero Solidarioan 613, 30 euro biltzea lortu zuten.
Oroimen saioa
Horrez gain, abenduaren 28rako Inozentzio Olearen oroimenezko saioa antolatu du ZerainLabek elizan, 18:30ean. Iñaki Murua bertsolaria eta Aitor Furundarena musikaria izango dira bertan. Duela 100 urte abenduaren 28an jaio zen Inozentzio Olea bertsolaria Mendarte baserrian.













