Beasainentzat, poz gehiago penak baino 2021ean
Beasainek bolada onean amaituko du urtea. Azkeneko hiru partidak irabazi egin ditu. Leioaren aurkakoan, gainera, markagailua irauli egin zuen. Garaipen horri esker 32 puntu dituzte eta sailkapeneko hirugarren postuan daude, igotzeko kanporaketak jokatzeko postuetan.
Bigarren itzuli osoa falta zaie oraindik, beste hemeretzi partida. Orain arteko hemeretzi partidetan garaipen gehiago lortu dituzte porrotak baino. Bederatzi partida irabazi dituzte; bost, berdindu; eta beste horrenbeste, galdu. 30 gol sartu dituzte alde eta hemeretzi, jaso.
Urteko joera berdina da. 2021ean poz gehiago izan dituzte penak baino: jokatutako 36 partidetatik hamahirutan nagusitu egin dira; beste hamahiru berdinduta amaitu dituzte; eta hamar, galdu. Hau da, Beasainek aurten jokatu dituen hiru partidetatik bat irabazi egin du.
Urtarrilean bi garaipen kateatuta urtea ongi hasi zuten, baina gero bederatzi jardunaldi egin zituzten irabazi gabe. Halere, jaitsiera-kanporaketak ekiditeko balio izan zien. 2021/2022 denboraldia irregular hasi zuten, etxetik kanpo emaitza hobeak lortuta Loinatzen baino. Aurrera egin ahala joko eta emaitza hobeak lortu dituzte eta goiko postuetan kokatu dira.
Aurten 44 gol sartu dituzte, denera. Jaso, hamar gutxiago.
Goierri Gorrik ere urtea aho zapore onarekin amaituko du. Azken bost partidetatik hiru irabazi dituzte. Hamaikagarrenak dira sailkapenean, jaitsiera postuetatik kanpo.
Gorriek 2021ean 29 partida jokatu dituzte eta hamabi irabazi dituzte; berdindu, bakarra; eta hamasei, galdu. 43 gol sartu dituzte eta 56, jaso.
Beasain eta Goierri Gorri urtarrileko bigarren asteburuan itzuliko dira lehiara.