Datuek eta egoerak gain hartuta
Astebetean mila kasutik gora atzeman dituzte Goierrin, urteko kopururik handiena. Osasungintzan nabaritu dute eragina; sektore publikoko langileak «muga-mugan» daude; farmazietan, «psikosia» bizi izan dute, eta antigeno testak bukatu egin dira.
Astez aste markak hausten jarraitzen dute koronabirusaren datuek. Azken lau egunetan 703 positibo berri izan dira Goierrin, Osasun Sailaren arabera, eta urte osoko asterik beltzena izan da, 1.139 kasurekin. Eskualdeko herri guztiak, hogeita bi guztira, eremu gorrian daude dagoeneko, eta erdiek baino gehiagok, 2.000ko eragin tasa gainditzen dute ehun mila biztanleko.
Seigarren olatuak gogor jo du eskualdea, kutsatze datuei dagokionean, behinik behin. Ospitaleratzeen datuak herriz herri ematen ez badituzte ere, nabarmena da beste ‘olatu’ batzuen aldean kopuru hori apalagoa dela oraindik, nahiz eta gaur gaurkoz, alerta mailatik gora dagoen. Eta oraindik ikusteko dago, Eguberrietako juntadizo eta ospakizunek nahiz Covid pasaportea bezalako neurriek datu horien joeran izan dezaketen eragina.
Test eta probak, gainezka
Datuen eta kasu berrien igoerak, kontaktu zuzenen areagotzea ere ekarri du, eta horrek, ondorioz, baita PCR probak egin behar dituzten herritarren kopurua handitzea ere. Goierriko anbulatorioak izan dira horren lekuko azken egun eta asteetan, jende ilara luzeak sortu baitira probak egiterako garaian.
Eguberrietako otordu eta juntadizoen atarian, farmazian erosten diren antigeno testen aldeko apustua egin dute herritar askok eta askok. Hainbeste, toki askotan bukatu ere egin direla. Beasaingo Igor Odriozola farmazialariak azaldu duenez, «benetako psikosia» sortu da gai honen inguruan. «Ez da jende gehiago nabaritu dugula, hau boom bat izan da, eta gizartea eta merkatua ez zeuden honetarako prestatuta». Egoera «deserosoa» dela azaldu du, eta «farmazialari guztiak estresatuta» dabiltzala kontu honekin. Pasa den urtean musukoekin gertatu zena ekarri dio gogora egoera honek. «Guk aspalditik genituen salgai, baina oso noizik behin eskatzen zituen jendeak; orain bat-batean badirudi ezinbestekoak bihurtu direla».
Ematen ari zaion erabilerarekin eta hartzen ari den kutsu merkantilistarekin ere kritiko agertu da Odriozola. «Ez dakigu telebistan hainbeste aipatu delako den, baina jende guztia batera hasi zen antigenoak eskatzen, eta noski, agortu egin dira». Horrek beste merkatu joera bat zabaldu du: «Ohiko bideetatik ez daudenez, beste bide batzuetatik hasi zaizkigu eskaintzen, baina askoz garestiago, eta hori batere gustatzen ez zaigun merkatu bat da, zerbitzua ematen jarraitu nahi badugu, produktua ere garestitzea eskatzen duelako». Eta erabilpen mota honek dakarren beste egoera bat, «benetan behar dutenentzat falta» direla da. «Oinarrira jo behar genuke, testak zertako diren, eta erabilpen arduratsu bat egin. Kontaktu zuzen bat izan baduzu eta sintomak badituzu, orduan egin behar da antigenoen proba, baina ez otordu bat dugulako, badaezpada edo norbere kontzientzia lasaitzeko».
Egoera horrek osasun arloko langileengan ere izan du eragina. Pasa den astean egindako protesten harira, «baliabide nahikorik gabe» ari direla eta «muga-mugan» daudela salatu dute. Erakundeen aldetik ez dute ordezkapenik eta errefortzurik jartzeko borondaterik ikusten, eta fisikoki nahiz emozionalki haien egoeraz «abusatzen» ari direla diote. Beharrezkoak diren erreformak egiteko eskatu diete agintariei, «sendoak», eta ez «adabakiak». Inbertsioak, borondate politiko gehiago, lan-egonkortasuna, errespetu eta aitortza handiagoa, eta antolaketa hobea eskatu dituzte, besteak beste.