Urolak 'Indar Hori' kanpaina aurkeztu du urteurrenaren testuinguruan
Babesle eta bazkide berriei zuzenduta dago kanpaina berria. Etzi, Gabonetako lurralde arteko kadete mailako mutilen txapelketa jokatuko da Argixaon
Urola kirol elkarteak Indar Hori babesletza eta bazkidetza kanpaina aurkeztu du. Kanpainak helburu bikoitza dauka Amaia Aranburu elkarteko lehendakari ordeak esan duenez, «babesle berriak klubera erakartzea eta bazkide berriak gehitzea». Kanpaina aurkezteaz gainera, etzi Argixaon jokatuko den Gabonetako lurralde arteko kadete mailako mutilen txapelketaren berri ere eman zuten atzoko agerraldian.
Urola Kirol Elkarteak 50. urteurrena baliatu nahi du kluba herritarrengana gerturatzeko. Horixe da, hain zuzen, Indar Hori kanpainaren helburu nagusia «kluba Urretxuko eta Zumarragako herritarrei ezagutzera ematea», Aranburuk zehaztu duenez. «Familia indartzen jarraitzeko babesletza mota berri bat» proposatu nahi dute babesleak erakartzeko. Hala, babesle nagusiez eta kolaboratzaileez gain, babesle txikiagoei zuzenduta dago kanpaina hau «ostalariei, dendariei eta zerbitzu alorreko enpresa txikiei».
Babesle horiei denboraldiko «150 euroko inbertsioa» egitea proposatzen zaie, «Urolako kide izateko eta kluba finantzatzen laguntzeko aukera edukiko dute». Trukean, klubak haien ikusgarritasunean laguntzeko «euskarri ezberdinetan presente egoteko aukera» eskainiko die.
Bazkide egiteko deialdia ere luzatu diete Urretxuko eta Zumarragako herritarrei. Bazkide kuota denboraldiko 60 eurokoa da. 35 euroko kuota murriztu bat ere badago pentsiodunei, ikasleei etab-i zuzenduta
Lurralde arteko txapelketa
Gipuzkoako Futbol Federazioak antolatuta, Gabonetako Lurralde arteko kadete mailako txapelketa jokatuko da etzi, hilak 30 Argixao futbol zelaian, 11:00etan hasita. Hasiera batean, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako selekzioek jokatu behar bazuten ere, nafarrek ez dute etortzerik izango. Haien ordez, Urolako kadete mailako mutilen taldea arituko da.
Jotxin Iturbe klubeko lehendakariak, amaitzeko, 50. urteurrenaren harira, «kamisetak, pin-ak, banderatxoak, giltzatakoak…» laster salgai jarriko direla jakinarazi du.