Zumarragako Udalak 13 milioi euroko aurrekontua onartu du 2022 urterako
Aurrekontua 2021ekoa baino %13 txikiagoa izango da. Aurrekontu osoaren %2,5 bideratuko da inbertsioetara. Foru Funtsetik iaz baino %14 gehiago jasoko dutela aurreratu dute
Zumarragako Udalak badu 2022. urteko ekitaldirako aurrekontua: 12.985.000 euro izango dituzte guztira. Abenduaren 23an egin zen udalbatzaren ez ohiko bilkuran onartu zuten aurrekontua PSE-EEren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen eta EH Bilduk eta Elkarrekin Zumarragak aurka bozkatu zuten.
Jose Mari Bermejo Ogasun zinegotziak bilkuran jakitera eman zuenez, datorren urterako onartutako aurrekontua iazkoa baino «%13 txikiagoa» da. Inbertsioetara aurrekontu guztiaren «%2,5 bideratuko da», eta Foru Funtsetik, «iaz baino %14 gehiago» jasoko dela ere aurreratu zuen.
Mikel Serrano Zumarragako alkateak datorren urteari begira egingo diren lan garrantzitsuenak eta inbertsio nagusienak zerrendatu zituen. Gehienak gizarte arlora eta herriko azpiegiturak hobetzera zuzenduko dira, besteren artean. Zentzu horretan, Zumarragako Euskadi plazaren zaharberritzea aipatu zuten egingo diren inbertsio nagusien artean. Rosa Maiza Ekonomiaren Garapen zinegotziak azpimarratu zuenez, plazako eta azokako egitasmoa Next Generation laguntzetara aurkeztuko dute. «Milioi bateko laguntza lor dezakegu. Aurrekontua 2021eko soberakinarekin eta beste erakundeetatik lortuko dugun diru-laguntzekin» osatuko dutela zehaztu zuen.
Oposizioaren argudioak
Zumarragako udalbatza osatzen duten gainerako alderdi politikoek aurrekontuen inguruko hausnarketa egin zuten. EAJko Josu Idigorasek udaletxeko «gastu arruntak hartzen ari diren pisuak» kezka sortzen diela adierazi zuen, «horrek inbertsioetarako ahalmenik ez edukitzea» dakarrela azpimarratuz.
EH Bilduko Josu Aztiriak, bere aldetik, oso irakurketa «kritikoa» egin zuen. Besteren artean, udal gobernuari ez dutela «elkarlanerako borondaterik» izan leporatu zion. Prozesua «presaka» egin dutela eta beraien proposamenak «baztertuak» izan direla ere esan zuen. Udalak ez duelainbertsioak egiteko ahalmenik salatu zuen eta «egitasmo estrategikoak» falta direla deitoratu zuen.
Ines Benitez zinegotziak hitz egin zuen Elkarrekin Zumarragaren izenean eta hark ere beraien proposamenak aintzat ez hartzea kritikatu zion udal gobernuari. «Aurrekontuak ez dira parte hartzaileak eta guk ordezkatzen ditugun herritarrak ez dira aintzat hartzen», amaitu zuen.
Oposizioko alderdien kritikei erantzunez, «2007tik 40 milioi euro inbertitu» dituztela esan zuen Serranok. Laguntza eskatu duten familia guztiei «erantzuna» eman dietela ere esan zuen.