Udalak TAO zerbitzua aldatuko du
Eruskin plaza eremu urdina bilakatuko da. Eremu marroia anbulatorio parera eta Trenbide kalera lekualdatuko dituzte. Eremu gorria handitu eta ordutegia aldatuko dute
Beasaingo Udalak TAO zerbitzua aldatu nahi du. Proposamena urtarrilaren 12ra arte jendaurrean dago, pertsona eta eragile esanguratsuenen iritzia jasotzeko. Ekarpenak egin nahi dituenak hiru aukera ditu: Beasaingo Udalaren bulego birtualean, udala@beasain.eus helbidera idatzita eta Igunean.
Erauskin plaza eremu urdina bilakatzea proposatu du udalak. Inguruko trafiko aldaketak egin zirenetik bertara iristea deserosoa dela ondorioztatu dute, eta eremu urdina hobeto egokitzen dela bertan aparkatzen dutenentzat. Eremu urdinean lau orduz utzi daiteke autoa gehienez, eta eremu marroian, ordubete. Gainera, Erauskin plazak aparkaleku gehiago izango ditu etorkizunean. Urtarrilean hasiko dituzte Erauskin eta Oriamendi inguruetako lanak eta aparkalekuak berrantolatuko dituzte, besteak beste. Lanek bost hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute.
Eremu marroia ez da desagertuko, anbulatorio parera eta Gernika pasealekuko aparkalekuko espaloiaren aldea dagoen errenkada osora lekualdatuko baitute. Gehienez ere ordubetera mugatuta, txandatze handiko eremuak izatea nahi dute, inguruko zerbitzuen ezaugarrietara hobeto egokitzeko.
Ezkiago auzoko egoiliarrentzako propio sortutako eremu gorria hazi egingo da. Olaran enpresa zaharraren eta J.M. Iturrioz 19 atariaren arteko aparkalekua eta J.M. Iturriotzen atzeko aparkalekua eremu gorri gisa izendatuko dira. Eremuaren erabilgarritasuna txikitu egingo da, ordea. 08:30etan amaituko da, eta ez 10:00etan, orain arte bezala. 23:00etan hasiko da, ohi bezala. Gainera, J.M. Iturrioz 15 C eta 15 D atarietako egoiliarrek bertan aparkatzeko aukera izango dute.
Egoiliarren bereizgarriak desagertu egingo dira. Eranskailuak ez dira derrigorrezkoak izango baimendutako guneetan aparkatzeko. Horrek ez du esan nahi kontrolik izango ez denik. Auzotarren autoak edo ibilgailu mistoak Udaltzaingoan erregistratuta egon beharko dute eta matrikula bidez egingo dituzte egiaztapenak.
Zazpi urte
Beasainen OTA zerbitzua 2014an jarri zen martxan. Ordudanik etxebizitza eta aparkaleku berriak sortu dira eta ordenantza zaharkitua gelditu da. “Arauaren aldaketen helburuak dira, batetik, azken urteotan gertatu diren zenbait desoreka zuzentzea, eta, bestetik, Beasain bisitatzen duten ibilgailuek, hainbat arrazoirengatik, Beasaingo erdiguneko kaleetatik zirkulatu behar ez izatea aparkalekua aurkitzeko”, diote udaletik.