Urteko azken azokan, azken sagarra
Sagar mokotea eta tipula gorri landarea izan dira atzoko nobedade bakarrak. Eguraldi eta giro epela, berezia behar zuen urteko azken merkatuan.
Ondo bidean Eguberrietako azoka bereziaren berri ematen aritu behar genuen. Baina ez zen horrelakorik izan. Hotzik ez, bederatzi gradutik gora goizean zehar, eta jendearen berotasun antza hamar eta erdietatik aurrera sentitzen hasi zen.
Jan, prestatze eta eroste ohiturak aldatu direneko seinale garbiak ageri ziren atzo. Gaur ez dira azokak erreferente. Azken ia bi urte hauetako egoerak, gainera, ez du lagundu feriako giroa bultzatzen. Edozein komertzio handitan baina baldintza egokiagoetan egiten diren arren, aire librean, distantziak mantentzeko arazorik ez, produktuak ekoizletik eroslera zuzenean, eta halere egiten duen zaintza zorrotzak ez du giroa gozatzen, ez eta joateko gogoa bultzatzen ere.
Produktuetan erreparatuz, bi aipagai nagusi atzoko ferian. Batetik, sagar mokotea (morkotxa eta mokotxa ere esaten diote), Itsasoko Maria Jesus Oriak ekarria (2,5 euroan kiloa salgai). Hau da hemengo azken sagarra. Orain bildu eta hilabete pare bat edo behar izaten ditu ontzen. Zimur-zimur egiten da eta gordina jateko oso sagar ona da, gazi-geza. Errezila eta mokotxa dira gehien irauten duten negu sagarrak. Urte onetan eta baldintza egokitan edukiz gero, hauek bukatzerako San Joan sagarrak jateko prest izaten da, sagar urte zikloa borobilduz.
Bestetik, tipula gorri landarea. Hau aldatzeko oraindik goiz da, otsailen hasten dira gehienak, baina inork goiztiar ibili nahiko balu, salgai dago 3,5 euroan ehuneko sorta. Udaberriko tipula edo tipulina ere aukeran da, batzuek udazkenean aldatu ohi dute, baina beste batzuek negu bukaeran.
Perretxikoen atala hutsik geratu zen atzo. Halaren, onddoak oliotan eros zitezkeen Lasaren postuan, 8,5 euroan ontzia.
Mahats babestua
Urte zaharra agurtzeko mahatsa jateko ohitura dutenentzat, Zuhaiztiko fruta postuetan Alcanteko Vinalopo mahats mota da salgai, kiloa 4 euroan, Poltsetan 60 egunez babestua izaten dute, berezitasun horrek emandakoa da Jatorrizko Babestutako Izendapena. 2022an guk ere babestu ditzagun gure azokak bertan sal-erosketak eginez.