Igor Rezola Iztueta ‘Dizebi’ (EHU-ko irakaslea eta artista): «Lanak bizitza kolonizatu du»
Lanari buruzko ikus-entzunezko bat aurkeztu du Rezolak (Itsasondo,1974) Zinebi jaialdian. CAFen soldatzaile aritua, graffitigile ezaguna, Arte Ederrak ikasi eta orain irakasle dabil.
Zer nolako lana da ‘Oldarrak eta etenak’ filma?
Filma lanari buruzkoa da, lana gaitzat hartuta. 2019an Tokion egon nintzen, eta han grabatutako irudiekin sortutako ikus-entzunezkoa da. Lanak gure bizitza nola kolonizatu duen landu dut, oinarri gisa Jonathan Craryren 24/7 liburuko kapitulu bat hartuta. Craryk, gure gizartea erabat produktibo bihurtu dela dio, egunean hogeita lau orduz asteko zazpi egunetan. Nire lanaren gaia hori da: kultura digitalarekin 24/7 ideia nola hezurmamitzen den.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Internet eta gailu teknologikoen iraultza dela medio, lan-mundua nabarmen eraldatu dela azken hamarkadetan. Fabrikako lan eredu fordistan, argi eta garbi zehaztuta zeuden lan egiteko denbora, aisialdian igarotzeko denbora eta lo egiteko denbora, baina muga horiek erabat lausotu dira. Gure burua laneko mezu elektronikoei erantzuten ikusi dezakegu, esate baterako, munduaren beste puntan oporretan gauden bitartean. Lanak bizitza kolonizatu du.
Sare sozialek zerikusi handia izango dute horretan.
Hori da. Lana eta aisialdia desberdintzea ere geroz eta zailagoa da. Sare sozialak erabiltzerakoan kontsumitzaile izateaz gain produktore ere bagara. Produzitzen ditugu edukiak, produzitzen ditugu ondoren saltzen diren datuak… Horri guztiari norbait etekina ateratzen ari zaio.
Ez da lana gai gisa hartu duzun lehen aldia.
Honen aurretik beste ikus-entzunezko bat egin nuen, hura ere Zinebin, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, proiektatu zen. Fabrika(k) zuen izena. Lanaren inguruko hausnarketa bat planteatzen zuen fabrika gaitzat hartuta. Besteak beste, ikustera eman nahi zuen, etxea ez dela izan fabrikaren jardueratik bananduta dagoen espazioa, fabrikaren hedapena baizik. Emakumezkoek historikoki etxeetan egiten duten doako lanari esker izan direla (eta direla) posible, beste lan guztiak.
Nondik datorkizu lanarekiko interes hori?
Beti garrantzi eman diodan zerbait da lana, ez dakit zergatik. Gure bizitzan denbora asko hartzen duen jarduera bat da. Gehiengo batentzat behartutako zerbait da, diruaren truke, bizitza aurrera ateratzeko egin beharreko zerbait. Egunero-egunero zortzi ordu jarduera bat egiten egoteak, motibazio bakarra ekonomikoa denean eta pertsona bezala garatzen laguntzen ez duenean, izugarrizko konfliktoa sortzen dit.
Gatazka hori zure azalean bizi izan duzu, gainera. CAFeko soldatzaile lana utzi zenuen zure gustuku alorrean aritzeko.
CAFen lan egindakoa naiz hamaika urtez soldatzaile bezala, trenak egiten. Jateko ematen zidan, baina soldatzea… Ez dakit nora begira nengoen hori ikastea erabaki nuenean. Beno, bai. Ikasle txarra nintzen eta lanean hasi nahi nuen lehenbailehen. Gero, lanean hasi nintzenean, konturatu nintzen dirua irabaztea gauza bat dela, baina egunero-egunero zortzi orduz fitxatzea, gaztetatik jubilatu arte, beste gauza bat dela.
Ordurako graffitiak egiten hasia zinen.
Bai, hori da, eta muralak pintatzea zen benetan gustuko nuena. Orduan, eszedentzia eskatu eta Arte Ederrak ikastera joan nintzen. Garai horretan enkargu lanak egin behar izan nituen, eta konturatu nintzen niri interesatzen zitzaidan eremu hark ere bazituela bere itzalak. Desberdina baita batek, libreki, kalean, nahi duena margotzea edo beste batek aginduta bere alabaren aurpegia edo mendi baten paisaia margotzea.
Garai batean egiten zenituen lanak eta gaur egungoak oso ezberdinak dira itxuraz. Gelditzen al da garai hartako zerbait?
2000. urtearen inguruan egindako lanak eta gaurkoak ikusita, pertsona ezberdinak egindakoak direla esango luke bakarren batek. Oso ezberdinak dira, baina, halere, guztia ibilbide baten bilakaera da. Nik loturak aurkitzen ditut pintatzen hasi nintzenetik gaur egun egiten ditudan lanetaraino.
Ikasketek eragina izan dute?
Aldaketa bat ere badago. Arte Ederrak ikastera joan nintzenean, mural mota bat egiten nuen. Unibertsitatean ikusi nuen nire ikuspegia oso mugatua zela eta mundu berri bat ireki zitzaidan. Nire ustez, nire lana aberasten joan da; nahiz eta garai bateko lanak, nire amari adibidez, gehiago gustatzen zitzaizkion.
Ikuslearentzat ulertzeko errazagoak ziren, agian?
Lan horietan teknikak eta landutako gaiek sortzen zioten atentzioa ikusleari, nolabait ulertzeko eta iritzi bat emateko gai zirelako. Artearen eremua, baina, konplexua da oso. Bere historia eta bere ezagutza propioak ditu. Egungo arteak ikusleari jarrera irekia eta esfortzua eskatzen dizkio. Kuriosoa da ikustea jendeak zer nolako erraztasuna duen «hori nire zazpi urteko semeak ere egingo luke» bezalako komentarioak botatzeko.
Zeintzuk dira egin dituzun azken lanak?
Ikus-entzunezkoaz aparte, hainbat mural margotu ditut azkenaldian. Egiten natorren pintura estiloarekin jarraitzen dute: forma oso geometrikoak, abstrakzioa eta oso kolore gutxirekin eraikitako pinturak. Bestetik, bozetoak egiten joaten naiz, baina denbora falta zait.
Izan ere, Arte Ederretako irakaslea zara EHUn, Leioan.
Bai, juxtu pandemia garaian hasi nintzen eta kurtsoa nahiko zaila izan zen. Aurten, oso gustura nabil. Oraindik gazteak garela sentitu arren, zenbait gauzatan sekulako jauzia ikusten da. Niri ikasleekin hitz egitea gustatzen zait, ideia asko dituzte.