Olentzerok Atauni pilota opari
Gabonetako pilota txapelketan Goierriko 137 haurrek parte hartu dute .Pilotak osasun ona eta harrobi polita dituela erakutsi du .Beñat Zubizarreta, Gipuzkoako txapeldun.
Indarrean dago pilota Ataunen eta Goierrin. Egindako lanaren fruituak goi mailan dabiltza aspalditxotik, baina elkarteek etenik gabe jarraitzen dute harrobia lantzen eta pilotariak zailtzen. Ataun Kirol Elkarteak abenduaren 27tik 30era antolatu zuen Gabonetako 8. Pilota Txapelketa horren adibide.
Goierriko 137 neska-mutilek parte hartu zuten, lau egunez goiz eta arratsalde, pilotan jokatuz. Idiazabalgo, Beasaingo, Ordiziako, Zegamako, Segurako, Lazkaoko eta Ataungo ordezkariak aritu ziren. Eskuz lau mailatan, eta palan neskak binaka.
«Goierri mailan esku pilotaren osasuna ona dela aipatu daiteke, argi eta garbi ikusi da txapelketa honetan. Ataungo pilotarien kasuan, harrobi polita daukagula nabarmena da», azaldu du Ataun Kirol Elkarteak txapelketaren balorazioa egiterakoan.
Bostetik lau txapel, herrian
Aurrebenjamin mailan, Aiur Gorostidi-Intza Labaka (Ataun) izan dira irabazle (18-7), Elola-Arruabarrena (Lazkao) gaindituta. Benjaminetan, Oihan Agirreurreta-Irai Barandiaran-Mattin Aierbe (Ataun) dira txapeldun, Arrieta-Aranburu (Lazkao) bikoari 18-16 irabazita.
Neskak binaka palan aritu dira. Garazi Zabaleta-Maddi Makazaga (Ataun) atera dira txapeldun (18-4), Aiora Jauregi-Irati Sukiaren (Ataun) aurka.
Alebinetan, Arrieta-Landa (Lazkao) dira irabazle, Aramendi-Alberdi (Ordizia) finalean gaindituta (18-4). Infantiletan, buruz buru, Aetz Lopez (Ataun) da txapeldun, Landa lazkaotarrari 18-15 irabazita.
Finalak abenduaren 30ean izan ziren, eta sariak banatzera Bengoetxea VI.a, Aranguren, Ezkurdia eta Albisu pilotari profesionalak joan ziren Auzoetara.
Beñat Zubizarreta, bikain
Federazioaren Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketan, berriz, Beñat Zubizarreta ataundarrak nagusien 1. Mailako txapela jantzi du. Igandean jokatu ziren Gipuzkoako finalak, Lazkaoko kiroldegian. Zubizarretak –16 urterekin, jubenila da oraindik–, 22 eta 14 irabazi zion Tolosako Aitor Altunari.
LAPKEko kide Faben Ituarte jubeniletan txapeldun da, Odriozolari (Ilunpe) 6-22 irabazita, eta Oier Ibarluzea kadeteetan txapeldunorde, Etxeberriarekin (Oiarpe) 18-6 galdu ondoren.