Ordiziako Udal artxiboarentzat lokal berria erosita, osasun zentroa handitzeko
EAJk zabaldutako oharrari erantzunez, Ordiziako alkate Adur Ezenarrok argitu du, udal artxiboaren lekualdatzea «laster» egingo dutela. Iragan «abenduaren 30an sinatu» zela azkenean, «Arana 17ko lokalaren jabegoaren eta Ordiziako Udalaren artean salerosketa kontratua».
EAJk zabaldutako oharrari erantzunez, Ordiziako alkate Adur Ezenarrok argitu du, udal artxiboaren lekualdatzea «laster» egingo dutela. Iragan «abenduaren 30an sinatu» zela azkenean, «Arana 17ko lokalaren jabegoaren eta Ordiziako Udalaren artean salerosketa kontratua». Udalak «280.000 euro» ordainduko ditu «bi solairutan 700 metro koadro inguru» dituen lokalagatik. Ordainketa, «lau urtetan» egingo da, «70.000 euro urtero, 2021etik 2024era».
Ekintza honekin, osasun zentroaren azpian geratzen den azkeneko espazioa libre geratuko da, eta azken urratsa, udal artxiboa, Aranara lekualdatzea izango da. Horrela, «aurreko legegintzaldiko proposamena gainditu, eta Domingo Unanue enparantzako mailan, udalak zituen lokal guztiak osasun zentro berrira bideratuko dira».
Ezenarrok nabarmendu duenez, «ez da erraza izan udal artxiboa birkokatzeko lokala topatzea, artxiboak behar dituen ezaugarriak aintzat hartuta, Arana 17ko lokalak soilik biltzen zituelako baldintza horiek». Horri gehitu behar zaio, «lokalak berak ere, zailtasunak ekarri dituela, 90 jabe ezberdin dituelako, baina azkenean akordioa lortu da».
Erantsi du, egokitzapen lanak esleituta eta martxan daudela dagoeneko, eta Iparragirre Eraikuntzak burutuko dituela 29.973,90 eurotan. Lokalean bertan topatu diren fibrozementuzko hainbat pieza kenduko ditu Ryde Obras y Servicios enpresak 3.146 eurotan, horretarako erabili behar den protokolo zehatza jarraituz. Artxiboaren eguneratze lanak eraman dituen Ereiten enpresak artxiboko kutxen lekualdaketa aholkatuko du, 3.294,23 eurotan, ez baita edonolako materiala lekuz aldatu behar dena. Azkenik, EUN enpresak desmuntatu eta kokapen berrian berriro muntatuko ditu egun artxiboan erabiltzen diren apal mugikorrak, 6.958,15 eurotan.
Hala, «Osakidetzari emandako otsailaren 2ko epea beteko da». Lanak hasterakoan, «osasun zentroaren funtzionamendua bermatuko da». Horretarako, Domingo Unanue plazaren barnean behin-behineko moduluak jartzea adostu dela argitu du alkateak.