Osasun zentroa handitzeko lanak hasi ez izana kexu da Ordiziako EAJ
Osasun zentro berria egiten hasteko udal artxibategia hustu ez izana leporatu dio EAJk udal gobernuari .EH Bilduren «utzikeriagatik» dela salatu dute.
Ordiziako Udala, lehen arretako osasun zentroa handitzeko urratsak ematen ari da, baina badirudi, Ordiziako EAJ ez dagoela ados orain arte egindako bidearekin, eta aste honetan ohar bat helarazi dute komunikabideetara, adieraziz, «EH Bilduren utzikeriak, dagoeneko zenbait hilabeteren atzerapena eragin» duela «herritarrentzat hain garrantzizkoa den lehen arreta zerbitzuaren hobekuntzan».
Ordiziako EAJk gogorarazi duenez, Ordiziako arreta guneak artatzen duen pertsona kopuruak %30 egin du gora azken hamarkadetan, bai Ordizian bertan, bai zerbitzua ematen duen inguruko herrietan, biztanle kopurua asko hazi delako.
Zerbitzu hobea eman ahal izateko, osasun zentroa handitzearen eta mediku gehiago jartzearen beharra azaldu zioten Eusko Jaurlaritzari, eta osasun saileko arduradunekin lortu zuten proiektu bat garatzea.
Osakidetzak joan den abuztuan atera zuen Ordiziako Osasun Zentroa eraberritu eta handitzeko lanen lehiaketa, 1.794.393 euro gehi BEZ kostuarekin. Proiektuaren arabera, osasun zentroak beste 1.163 m2 gehiago hartuko ditu. Baina azalera berri hori irabazi ahal izateko, ezinbesteko baldintza da osasun zentroko eraikinean bertan udalak gaur egun artxibategi modura erabiltzen duen eremu guzti hori, libre uztea.
EAJk gogorarazi duenez, Udal-artxibategia lekuz aldatzeko 105.000 euroko partida bat onartu zen 2020ko udal-aurrekontuetan, baina udal-artxibategiak, gaur-gaurkoz, osasun zentroarena izango den lur-azalera okupatzen jarraitzen du».
EAJk salatu duenez, «Osakidetzak ezin ditu lanak hasi Ordiziako Udalak anbulatorio azpian duen artxibategia hustu arte, eta bi urte ez dituzte nahiko izan artxibategia lekuz aldatzeko?». Alderdi jeltzalearentzat «EH Bilduren udal-gobernu taldearen eta alkatearen kudeaketarako gaitasun eskasaren neurria azaleratzen du horrek».