Gaztetxoenek badute pedalei eragiteko aukera
Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz klubak entrenamendu berezia antolatu du Aramako, Altzagako eta Itsasondoko haurrekin, Gari Bravo lagun dutela.
Eskolartekoen txirrindularitza denboraldia inoiz baino lehenago hasi da aurten. Eskola-kirolaren parte izatera pasa da, eta horrek denboraldiaren iraupena luzatzea eragin du. Gainera, orain arte, errepideko txirrindularitza besterik ezin zuten egin eskolartekoek, orain, aldiz, modalitate gehiagotan parte hartu dezakete. Horren adibide, joan den abenduan Itsasondon jokatutako mendi bizikleta proba.
Asteasun antolatutakoaren ostean, Gipuzkoako bigarren lasterketa izan zen Itsasondokoa. Pasa den abenduaren 19an egin zen proba, Itsasondoko Beheko Kalearen amaieran dagoen zirkuituan.
Normalean, Gipuzkoan, hiru gunetan bereizten dira lasterketak eskolarteko mailan, baina, Asteasuko zein Itsasondoko kasuetan, Gipuzkoa osoko txirrindulari gazteak batera aritu ziren pedalei eragiten. Itsasondon, benjaminetatik hasi eta infantiletara arte, zazpi lasterketa antolatu zituzten.
Nesken eta mutilen probak izan ziren eta kategoria batzuetan, txirrindularien kopuru handiagatik, bi txanda egin behar izan zituzten. Guztira 175 partaide inguru bildu ziren. Gainera, eskolarteko lasterketen aurretik, Itsasondo, Arama eta Altzagako haurrei lasterketa batean parte hartzeko aukera eman zieten.
Entrenamendua Araman
Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz kluba arduratu zen Itsasondoko probaz eta, Eguberrietan, beste ekintza bat ere antolatu zuen. Araman, entrena- mendu eta ginkana bat osatu zuten klubeko txirrindulariek eta Itsasondo, Arama zein Altzagako haurrek.
Iñaki Telleria da Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz elkarteko presidentea eta, bere ustez, ekintzaren helburua bete zuten: «Asmoa entrenamendu polit bat burutu eta Itsasondo, Arama eta Altzagako haurrei aukera bat ematea zen». Klubaren, Itsasondoko Guraso Elkartearen eta udaletxeen artean antolatu zuten entrenamendua. Gari Bravo txirrindulari profesional ohia ere bertan izan zen.
Telleriaren hitzetan, partaide kopuru «polita» bildu zuten Araman. Halere, zenbaitek ezin izan omen zuten bertaratu, batzuk oporretan eta beste batzuk konfinatuta zeudelako.
Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz klubean, oraingoz, 60 eskolarteko txirrindulari daude izena emanda aurtengo denboraldirako, benjaminetatik hasi eta infantiletaraino.
«Aldaketak onerako»
Eskolarteko txirrindularitzak aldaketa ugari jasan ditu aurten. Eskola-kirolaren barruan sartu da, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Txirrindularitza Federazio berrituak bultzatuta. Lehen, soilik errepideko lasterketak egiten zituzten, martxotik ekainera. Aurten, ostera, denboraldia urrian hasi zen eta ekainera arte luzatuko da. Errepideko txirrindularitzaz gain, bestelako modalitateak ere praktikatzen dituzte orain eskolartekoek: mendi-bizikleta, pistako teknifikazioak, ziklo-krossekoak…
Goierriko Txirrindularitza Bultzatuzeko presidentearen hitzetan, aldaketak onerako izan dira: «Jendea, orokorrean, oso gustura dago aldaketekin». Eskola-kirolaren barruan sartzeak, ordea, arazo bat ere baduela dio Telleriak: «Karrera kopurua asko mugatu da. Lehen, soilik errepideko probak zirenean, hemeretzi inguru izaten ziren. Orain, modalitate guztiak batera, infantilek, soilik, hamazazpi probatan parte hartu dezakete. Modalitate guztiak kopuru horretan sartzea ez da erraza». Halere, uste du «lortutako gauzak positiboagoak direla, izandako galerak baino».
Bizkain eta Araban ez dute arazo hori. Gipuzkoan, eskolartekoek lasterketa kopuru mugatua duten bitartean, Araban eta Bizkaian nahi adinatan parte hartu dezakete. Esaterako, azkenaldian, ziklo-kross lasterketa ugari antolatu dituzte Bizkaian, batez ere, baina baita Araban ere. Halere, probintzien arteko desberdintasunek ez dutela luzaroan iraungo adierazi diote Iñaki Telleriari: «Epe jakin batean, Eusko Jaurlaritzak, erkidego guztian, kopuru bera jarriko duela esaten digute foru aldunditik».