Golden Apple Quartet, 'Beste bat berritzen' zirkuituko aurrenekoa

Golden Apple Quartet laukote donostiarrak zabalduko du gaur Zelai Arizti aretoan, 20:15ean, Beste bat berritzen zirkuituko programazioa. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politika sailak diru laguntza lerro bat atera du aurten ere zuzeneko arte eszenikoen arloa bizitzen ari den egoerari aurre egiteko, eta Zumarragako Udalak bat egin du programa horrekin.
Musika, antzezpena eta umorea uztartzen dituen talde hau 1986ko urrian sortu zuten Donostian, eta Zumarragara Golden Tour 36 ikuskizunarekin etorriko dira. Loyola Garmendiak, Edu Errondosorok, Mikel Urreiztik eta Manu Romanok osatzen dute taldea gaur egun. Emanaldirako sarrerak 10 euro balio du, eta zelaiarizti.eus webgunean eros daitezke.
Emanaldiak martxora arte
Bulego taldeak (urtarrilak 21), Ghost Number taldeak (otsailak 18) eta Korrontzik (martxoak 18) osatzen dute zirkuitu honetako helduentzako egitaraua. Haurrentzat, Peru kokodriloa saioa izango da martxoaren 5ean.