Ilbeltza lugorri Lazkaon
Urtarrilerako iragarritako kultura-ekitaldi guztiak bertan behera utzi dituzte. Astotxo festarik ez da egingo igandean, ezta Joxean Artzeren omenaldi-kantaldia ere. Gabonetan, ezeztatuak nagusi
Koronabirusaren aroko hirugarren urteak ere burua lehengo lepotik duela hasiko du. Ekitaldiak ezeztatuta edo atzeratuta, festa eta juntadizoak bertan behera utzita, eta kultura nahiz kirol arloetako ekitaldi gehienak izozkailuan gordeta. Horren adibide da Lazkao: urtarrilerako iragarrita edo egiteko pentsatuta zeuden ekitaldi guztiak ezeztatzea erabaki du udalak, «COVID-19aren kutsatzeen gorakadaren aurrean», urtarrilaren 3an jakinarazi zuenez. Aurretik, San Silbestre krosa (abenduaren 31n) eta Hiru Erregeen desfilea (herenegun) kenduak zituen.
Erabaki horrek igande honetan egitekoa zen Astotxo Egunari eragingo dio. Egiptorako ihesa kale antzezpena ez zela egingo aurreratu zuen lehenagotik Zawopi taldeak, baina Antsoategi elkarteak bazuen asto diana gauzatzeko asmoa. Ez da egingo.
Asto lehiaketa, atzeratuta
«Gipuzkoako enkarterri arrazako astoen lehiaketa eta erakusketa ez egitea aspaldi erabakita genuen, baina diana egin nahi genuen eta asmo horrekin geunden. Igandean antzerkia ez zegoenez, gainera, luzatzeko asmoa ere bagenuen, kutsatzeko arriskurik ez dagoelako. Baina udalarekin bilera egin, eta dena bertan behera utzi zutenez, guk ere ez egitea erabaki dugu», azaldu du Antsoategi elkarteko Egoitz Bergara antolatzaileak.
Atzeratzea da, ordea, asmoa, eta «ahal denean, pandemiak uzten duenean», egitea. Lehiaketa eta astoen beste ekialdi guztiak berreskuratuko dituzte.
Etziko iragarritako beste ekitaldi bat, gauzatuko ez dena, Kantaka abesbatzaren kontzertua da. Joxean Artze poeta zena omentzeko kantaldia egitekoak ziren, Beneditarren elizan. Atzeratu egin dute, Javier Alberdi zuzendariak azaldu duenez, eta egoera hobetzen denean egitekotan dira; datarik ez du ipini.
Eguberriak ere herren
Koronabirus izurritearen hedapenagatik neurriak gogortu aurretik ere, zenbait ikuskizun atzeratuta zeuden. Goazen 8.0 antzerkiaren saio bikoitza, adibidez. Abenduaren 29an zen Arerian, barruko aforoak %60ra murriztu behar izan ziren egunean. Sarrerak antzokia betetzeko lain salduta zeudenez, atzeratzea erabaki zuen udalak. Martxoaren 12an izango dira bi saio, 17:00etatik aurrera, Arerian.
Gabon eguneko haurren kantu-eskeak multzoka bereizita egin zituen ikastolak. Oporretako aisialdi programak ere aurrera jarraitu du. Iragarritakoa burutu ahal izan den kasu bakanetakoa, Lazkao Kirol Elkartearen II. Eguberri Futbol Saria izan da, abenduaren 29an eta 30ean.
Kroseko elastiko banaketa
San Silbestre krosa bertan behera geldituko zela abenduaren 29an zabaldu zuen udalak, «azken asteotako kutsatzeen hazkunde esponentzialaren aurrean». Ez zitzaien ondo iruditu antolatzaileei. Biharamunean, sare sozialetan «tamalgarritzat» jo zuen udalaren erabakia Lazkao Tri-Antzar taldeak: «24 ordu pasa eta gero, Lazkaoko San Silbestrearen antolatzaileak lur jota gaude ekitaldia prestatzen egindako lan guztia herriko udal agintariek bertan behera botatzeagatik. Tamalgarria».
Lasterketarako izena emanda zeuden korrikalariek San Silbestreko kamiseta eskuratu ahal izango dute. Asteazkenean, urtarrilaren 12tik aurrera, udaletxeko harreran hartu behar dute.