Ehunka goierritar atera dira kalera presoen eskubideen alde
Bilboko eta Baionako manifestazio jendetsuen ordez, herriz herri antolatu ditu Sarek mobilizazioak presoen eskubideen alde. Goierriko 15 herritan egin dituzte aldarrikapenak.
Iaz bezala, aurten ere herriz herri deitu ditu Sare plataformak urtarrileko presoen eskubideen aldeko mobilizazioak, Bilboko eta Baionako manifestazio jendetsuen ordez, covid19-aren hedapena dela eta. Goierrin ehunka herritar atera dira kalera presoen aldeko aldarrikapenak egitera, hamabost herritan. Manifestazioak egin dituzte Ataunen, Beasainen, Itsasondon, Lazkaon, Ordizian eta Urretxu-Zumarragan, eta elkarretaratzeak Ezkion, Gabirian, Idiazabalen, Itsason, Legorretan, Ormaiztegin, Seguran, Zaldibian eta Zegaman.
Gune bakoitzak bere moduan, baina aldarrikapen bera egin dute Euskal Herriko mobilizazio guztietan: euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak errespetatzea izan dute aldarri. Salbuespenezko espetxe politika bertan behera uztea eskatu dute kaleetan barrena, “berau baita euskal presoek etxerako bidea garatzeko oztopo eta muga nagusia” eta hori baita “indarrean jarraitzen duen egun bakoitzeko sufrimendua sortzen jarraitzen duena”. Mobilizazioen amaieran irakurritako testuan azpimarratu dute “oraindik euskal presoen %50a Euskal Herritik kanpo diren espetxeetan” dagoela, “3 gradua eskuratzeko edota irteera baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko blokeo sistemikoak” jarraitzen duela eta “adinduak diren presoen edo motxiladun haurren eskubideak” ez direla errespetatzen.
Eskubide urraketak desagertzea aldarri, etxeratze prozesua gauzatzeko eta espetxe politika aldatzeko “elkarbizitzaren eta bakearen bidean aurrera egitea ezinbestekotzat” jo dute. “Jarrai dezagun pausoka, elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidean”. Ordiziako manifestazio amaieran, bertsoak, dantza eta musika egon da, Lazkaoko manifestazioan zanpantzarrek ireki dute bidea, eta Zaldibiako elkarretaratzea ere musikarekin girotu dute.
Ordizia:
Beasain:
Lazkao:

Segurako elkarretaratzea

Gabiriako elkarretaratzea

Legorretako elkarretaratzea

Itsasondoko manifestazioa

Ataungo manifestazioa

Itsasoko elkarretaratzea

Ezkioko elkarretaratzea

Ormaiztegiko elkarretaratzea

Zaldibiako elkarretaratzea

Urretxu-Zumarragako manifestazioa

Idiazabalgo elkarretaratzea

























