Areto futbola neskena ere bada
Lazkaon areto futboleko senior nesken taldea itzuli da, 11 urteren ondoren. 2021-2022 sasoian Gipuzkoako ligan jokatzen ari da. Hamabi jokalarik osatu dute Lazkao Gaur Logistika taldea.
Kirol aniztasuna, eta batez ere emakumezkoen artekoa, oparoaldian da Lazkaon. Irailaz geroztik, areto futbolean senior nesken taldea ere badu herriak. Duela 11 urte bukatu zen aurreko esperientzia, eta harrezkero ez da modalitate horretan neskentzat aukerarik izan. Gizonezkoen taldeak ere duela urte eta erdi berrekin zion ibiliari.
Lazkao Gaur Logistika elkarteko bigarren taldea da senior neskena. Hamabi jokalarik osatu dute taldea, eta Gipuzkoako Senior mailako ligan ari dira jokatzen. 9 klub daude sail horretan, Lazkaorekin batera baita Ordizia eta Idiazabal ere.
Nesken taldea 2021eko irailean hasi zen entrenatzen. Imanol Aran dute entrenatzailea, mutilen taldeak bezalaxe. Unai Garmendia da lehendakaria.
Hamabi laguneko taldea
Denera, hamabi jokalarik hartu diote areto futbolean ere emakumezkoen presentzia bermatzeko egitekoari. Bi atezain eta hamar jokalari dira: Noelia Carrasco eta Uxue Azkonobieta atean, Ylenia Morales (lehenengo kapitaina), Sarai Atienza, Eider Manso, Nagore Ormazabal, Marina Carro, Mara Munduate, Miren Lasa (bigarren kapitaina), Miren Arruabarrena, Maria Garmendia eta Leire Auzmendi. 21 urte dauzkate gazteenek, eta 29 zaharrenak.
Pandemiak oztopatutako urtea ari da izaten 2021-2022a ere, hainbat jardunaldi atzeratu behar izan dituzte eta. Berez 18 jardunaldiko denboraldia izango dute, joan-etorrira.
Orain arte bost partida soilik jokatu ahal izan ditu Lazkaok, eta 7. postuan dago une honetan sailkapenean. Neurketa bat irabazi eta bat berdindu dute, estreinako sasoian.
Hurrengo jardunaldia asteburu honetarako dago iragarrita. Barandiaran kiroldegian, etxean jokatuko du Lazkaok, Anoetaren aurka, larunbatean.
Urte gutxian, hiru kirol
Nesken artean kirola sustatzeko ahalegina ari da fruituak ateratzen. Lazkaon futbola da guztien gainetik kirol jarraituena. Neskatoentzat Goierri Gorri elkartea sortzeko bazkide fundatzaileetako bat izan zen Lazkao.
Beste kirol batzuek ere egin dute lekua, ordea. 2018ko udazkenean, adibidez, nesken saskibaloi taldea sortu zuten. Hamar urte zeramatzan Lazkaok federatutako saskibaloirik gabe. Nesken ekimenak eten zuen lehortea, infantil mailan lehiatzen hasi ziren hamar lagunekin; eta bere bidean jarraitzen dute.
Eskubaloiak ere eman du aurrerapauso bat, herriko lehen taldea 2019an entrenatzen eta 2021eko udazkenean lehiatzen hasi zenean, Ordiziako Eskubaloi taldearen gerizpean. Lazkaoko neskato gehiago batu dira.
Azken emaitza, areto futboleko Lazkao Gaur Logistika nesken taldea izan da.