Kawa Leaumari eskaini diote urteko lehen garaipena
Gabonetako itzulera «gogorra» izan bada ere, Recoletas Burgos taldearen aurka bost puntu gehitu ditu Ampo Ordiziak Altamiran eta laugarren dago. Les Abelles taldearen aurka jokatuko dute hurrengoa
Urteko lehen partida, errugbi ligako Ohorezko mailako zortzigarren jardunaldiari dagokiona, jokatu zuen Ampo Ordiziak, Recoletas Burgos taldearen aurka, igandean, Altamira gotorlekuan, denboraldiko garaipen garrantzitsuena ez bada, garrantzitsuenetako bat eskuratuz. Aurtengo Gabonak ez baitira batere arruntak izan talde ordiziarrentzat, eta zelaira itzulera, ohi baino gogorragoa izan da, Gabonen atarian gertatu zen Kawa Leauma Ampo Ordiziako jokalariaren heriotza, kolpe oso gogorra izan baita, eta emozionalki oso ukituta utzi ditu taldekideak. Igandeko, partidaren aurretiazkoan, Iñigo Marotias entrenatzaileak berak, ez zuen egoera hori ezkutatu; aitortu zuen ez zirela taldearen egun onenak. Dena den, «elkarrekin jokatzeko eta kirolaz gozatzeko gogo izugarria» zutela ere esan zuen, eta «partida irabazteko arrazoi nahikoa» bazutela ere nabarmendu zuen.
Horregatik, igandeko garaipenak garrantzia berezia du, eta momentu honetan, animoak berpizteko bultzada ere bada. Dudarik gabe, Leaumari eskainitako garaipena izan zen.
Erantzuteko gaitasuna
Partida hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin zuten Leaumaren oroimenez, Aipatu, ez zela bakarrik Altamiran egin minutu bateko isilunea, jokalari samoarraren oroimenean. Ohorezko mailako gainontzeko partiden aurretik eta Ordizia Rugbiko talderen batek jokatu zuen zelai guztietan ere egin zuten keinua.
Jarraian, partida hasi eta minutu gutxira, Ampo Ordiziaren zaletu talde batek, Leaumaren irudia eta Ez zaitugu ahaztuko mezua irakur zitekeen pankarta handi bat ireki zuen Altamirako zelaiaren albo batean, eta hantxe zintzilikatu zuten. Zaletuek izandako keinuari arreta gehiegi jartzeko denborarik gabe, jokoarekin jarraitu zuten zelaian.
Lehenengo minutuan estreinatu zuten markagailua ordiziarrek Elliot Ryanek sartutako entsegu ikusgarri bati esker. Julen Goiak abiadura handiarekin hautsi zuen defentsako lerroa eta Elliot Ryani eman zion ondoren berak sartu zezan entsegua. Gainontzeko entseguak, 61. minutuan Anthony Matotok eta 80. minutuan Max Katjijekok lortu zituzten.
Recoletas Burgosek 48. minutuan, markagailuak erakusten zuen aldea pixka bat murriztea lortu zuen, Tomas Carriok gauzatutako zigor golpe bati esker, baina ordiziarrek partida kontrolpean izan zuten. Luis Lasala arbitroak partida amaitutzat eman zuenean, 22-3 ordiziarren alde. Jokoari dagokionez, partidarik onena izan ez bazen ere, egoera gogorrenetan erantzuteko gaitasuna erakutsi zuten, eta urrezko balioa duten bost puntu poltsikoratu zituzten.
Partida amaituta, Ampoko jokalariak, zaletuek jarritako pankartaren albora gerturatu eta Anthony Matotok gidatuta, eguneko garaipena eskaini zioten Leaumari.
Bestalde, aipatu, Valentin Cruzek bere 101. partida jokatu zuela Ampo Ordiziarekin. Horrez gain, eguneko jokalari onena, Asier Alvarez de Eulate izendatu zuten.
Laugarren
Recoletas Burgosen aurkakoarekin lortutako bost puntuak gehituta, sailkapen nagusian laugarren postuan dago Ampo Ordizia, zazpi partida jokatuta. Bosgarren postuan dagoen Bartzelonarekin puntuetan berdinduta dago Ampo, baina Bartzelonak, partida bat gehiago jokatu du.
Hirugarren postuan, Madrilgo Lexus Alcobendas dago, 25 punturekin eta zazpi partida jokatuta, bigarren El Salvador, 27 punturekin eta partida bat gutxiagorekin baita ere, eta UE Santboiana dago lider, zortzi partida jokatuta eta 27 punturekin.
Igandean, hilak 16, Les Abelles taldearen aurka jokatuko du Ampok, etxetik kanpo.