Goierriko lotura-motorren taldea federazioa eratzeko lanetan dabil
Euskal Herriko eta Espainiako hogeita hamar bat talde saretu egin dira federazioa sortzeko asmoarekin. Motorzaleen segurtasuna bermatu nahi dute
Goierriko lotura-motorren taldea Euskal Herriko eta Espainiako beste 30 bat talderekin saretu da federazioa sortzeko. 700 bat motorzale bateratuko ditu. Federatuta euren lana aseguratu ko dute, istripuren bat gertatuz gero estaldura fisikoa eta teknikoa izateko eta baita ere laguntza juridikoa.
Lotura-motoak bizikleta lasterketa batean trafikoko agenteei laguntza emateaz arduratzen diren figurak dira: bidegurutzeak zaindu zirkuitura autorik sartzen ez dela bermatzeko, txirrindulariei bidea adierazi, arriskuak seinaleztatu… Laguntzaile horiek gabe ezin izango lirateke lasterketak egin.
Lotura-motoak elkarteetan biltzen dira eta, hauek, aldi berean, txirrindulari-klubek kontratatzen dituzte. Hor dago gakoa: Gipuzkoako probetan ordukako lan-kontratu batekin jarduten duten arren, normalean inolako asegururik gabe egiten dute lan, borondate hutsagatik. Ondorioz, istripuren bat izanez gero, ez dute inolako konpentsaziorik edo laguntzarik.
Gorka Telleria eskualdeko lotura-motorren taldeko kideak azaldu du jarduera arriskutsua dela eta istripuak ekidin ezinak direla: eurek ere izan dute ezbeharren bat edo beste, baina ezer larririk ez Yolanda Caballero bizkaitarrari gertatutakoarekin alderatuta. Irlatxo bat seinaleztatzen ari zela tropelak harrapatu zuen eta ondorio larriak eragin zizkion. Are gehiago, iazko Kantabriako Itzulian motorzale bat hil egin zen. Aseguru etxeek kalteak ez dituzte euren gain hartzen, kirol probak izanik trafikotik kanpo dabiltzala argudiatuta.
Gainera, ez dute formakuntza berezirik. Dutena ibilian-ibilian jaso dute. Telleriak dio esperientzia dela euren eskola.
Gustuko dutelako
Goierriko lotura-motorren taldean 35 lagun inguru aritzen dira, 25 bat lasterketetan. Eskualdeko probez gain goi mailakoetan ere aritzen dira, Euskal Herriko Itzulian eta Donostiako Klasikoan ere lan egiten baitute. Txirrindularitzako probez gain korrikako lasterketa batzuetan ere laguntzen dute, distantzia luzekoetan, bereziki.
Motorrean ibiltzea eta kirola gustuko dutelako laguntzen dutela azaldu du Telleriak. «Ez da diru kontua. Gasolina, motorraren mantentzea… gastu horiek ordaintzeko adina jasotzen dugu», zehaztu du.