Karlismoa eta zinema, Jose Mari Tuduri eta Eneko Tudurirekin
Zumalakarregi Museoak antolatu du solasaldia, bihar arratsalderako. Izena aurrez eman behar da.
Zumalakarregi Museoak Karlismoa eta zinema uztartuko dituen tertulia saioa antolatu du biharko. 18:30ean izango da, museoan, eta Jose Mari Tuduri eta Eneko Tuduri izango dira solasaldiko protagonistak.
Pour Don Carlos karlismoa aztertzen duen lehenengo filma proiektatu zuten museoan abenduan, eta aldi baterako erakusketa berri bat ireki zuten filmaren inguruan. Horri lotuta, karlismoak eta zinemak izan duten harremana aztertuko dute bihar hizlariek. Gaiaren inguruan adituak dira. Jose Mari Tuduri zinemagilea da, eta tartean, Cronica de la guerra carlista filma zuzendu zuen 1988an, eta Santa Cruz, el cura guerrilero filma 1990an. Eneko Tuduri, aldiz, Karlismoa zinemaren ikuspuntutik erakusketaren komisarioa izan zen Lizarrako Karlismoaren Museoan 2018an. Gazteleraz izango da solasaldia. Parte hartzeko aurrez izena ematea ezinbestekoa da, museora deituz (943 88 99 00 edo 659 434 566 zenbakietan), edo mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidera idatzita.