Kirol ikastaro gehiago jarri ditu aukeran Lazkaoko kiroldegiak
Joxemiel Barandiaran Kiroldegiak kirol ikastaroen eskaintza zabaldu du, bi ikastaro berrirekin.
Urtea hastearekin batera, Joxemiel Barandiaran Kiroldegiak kirol ikastaroen eskaintza zabaldu du. Bi ikastaro hasi dira martxan: abdominal hipopresiboekin eta oinarri ezegonkorren gaineko ariketekin zerikusia duen gimnastika, eta bodytraining-a. Bi ikastaroak herenegun, astelehenean hasi ziren.
Gimnastika berezituan sabel aldeko giharreak, zoru pelbikoa eta bizkarrezurraren egonkortzaileak indartu daitezke. Ariketa sorta desberdinekin, bizkarraren posturan desorekak zuzentzen laguntzen du. Ordutegia, astelehenetan eta asteazkenetan 11:00etatik 12:00etara, eta astearteetan eta ostegunetan 16:30etik 17:30era du. Irakaslea Idoia Jaka da.
Bodytraining-ean, aldiz, indar-lana egiten da; hala nola diskoak edo mankuernak, lan kardiobaskularra, karrera txikiak edo autokarga-ariketak. Jarduera horren ordutegia astelehenetan eta asteazkenetan 20:30etik 21:30era da. Kasu horretan, irakaslea Maria Mujika da.
Ikastaroetan izena eman daiteke, eta hasi nahi duenak Joxemiel Barandiaran Kiroldegian edo telefonoz hots eginda (943 08 51 93) dauka aukera.
Kroseko elastikoak gaurtik
Urtezahar egunean San Silbestre kros herrikoia bertan behera gelditu zen Lazkaon. Nahiz eta lasterketa jokatu ez, izena emanda zeuden partaideei probako elastiko berezitua emango die udalak. Lazkao, hegoak harro: 2021eko San Silbestrea idazpurua dauka.
Gaur hasiko dira kamiseta banatzen. Udaletxeko harrerara joan behar dute partaideek, izena ematerakoan eskatutako neurriko elastikoa jasotzeko.