Osakidetza indartzearen alde sinadura bilketa abiarazi dute
Elkarrekin Ahal Duguren ekimenez abiarazi dute bilketa. Gaur Ordizian, bihar, Beasainen, eta etzi Lazkaon jarriko dute mahaia eta Internetez ere egin daiteke
Osakidetzak aldaketa berri bat egin du COVID-19aren kontrako protokoloan, hala, kalteberatzat jotzen diren kontaktu estuei baino ez zaie esango proba diagnostiko bat egiteko: 70 urtetik gorakoak; inmunodeprimituak; haurdun dauden emakumeak; txertoa jarrita ez dutenak; eta gaixotasun kroniko moderatua-larria erregistratuta dutenak. Ahots ugari altxatu dira, pandemiaren olaturik handiena den honen aurrean, eta osasun zerbitzu publikoa ezin iritsi dabilelako edota datuek behera egiteko estrategia bat dela salatuz.
Elkarrekin-Ahal Duguk «kezka handia» erakutsi du, «osasun zerbitzu publikoan gertatzen ari denarekin», Osakidetzako langileak «batez ere, lehen lerroan daudenak sufritzen ari direnarekin», eta osasun zerbitzu publiko «ahul batek gizarte osoan duen eraginagatik». Eta osasun-zentroak «kolapsatuta» eta itxaron-zerrenda «luze baino luzeagoak» diren momentu honetan, «zerbitzua indartu beharrean, Eusko Jaurlaritzak 4.000 osasun-postu kendu ditu eta %94an murriztu du arakatzaileen plantilla».
Hori horrela, sinadura bilketa abiarazi dute. Goierrira ere iritsi da sinadurak biltzeko mahaia; Ordizian, astelehenetik ari dira, osasun zentroaren ondoan. Mila Sukia eta Juan Inazio Alonso Ordizia Orain-Elkarrekin Ahal Duguko ordezkariek, hala adierazi dute: «Hilabeteak daramatzagu Osakidetza indartu behar dela eskatzen; COVID-19ari aurre egiteko. 2022ko aurrekontuen negoziazioan, kaleratutako 4.000 osasun-langileak kontratatzeko eskatu genion Urkulluri, baina ideia atzera bota zen berriro». Horren aurrean, «eraginkortasunez joka dezan eta pandemiaren olaturik larrienari aurre egin diezaion» eskatuko dute sinadura bilketaren bidez.
Aurrez aurre edo online
Horrela, gaur, 08:00etatik 10:00etara Ordiziako osasun zentroaren ondoan izango dira, eta 10:30etik 13:30era udaletxeko arkupean. Bihar, Beasaingo osasun zentroan, 08:00etatik 13:30era eta etzi, Lazkaon. Datorren astean ere, herri desberdinetan izango da sinatzeko mahaia.
Aurrez aurre bakarrik ez, http://labur.eus/4000osasunlangile Interneteko atarian sartuta ere sinatu ahalko da.