Pamirren urruntasuna, bertaraino
Erdialdeko Asiako mendikatean egindako hiru espedizioren berri ari da ematen Joseba Iztueta mendizalea, 'Pamir, distantziak' ikus-entzunezkoarekin. Gabirian eta Ataunen dira hurrena.
Denboran urrun dago Pamir; amets bat bezain urrun, muxu bat bezain gertu. Zeruraino zutitzen da, kolore bateko distantziara, eta aurrera jarraitzen du, inorantz ez eta leku guztietarantz. Pamir distantziak direlako, distantziak neurtzeko modu bat, agian». Horrela hasten da Joseba Iztueta mendigoizalearen Pamir, distantziak azken ikus-entzunezkoa, Gattiken etxeak ekoitzia. Bi udatan Erdialdeko Asian etzaten den Pamir mendikate garai bezain anitzetan egindako hiru espediziotako irudiekin osatu du.
Ormaiztegiko Mendi Astean estreinatu zuen ikuskaria, azaroan. Zumarragan Ostadarren zikloan, Abadiñon eta Idiazabalen erakutsi du harrezkero. Urte berrian, beste hiruzpalau emanaldi hitzartuta ditu: igandean Gabirian (kultur etxean, 18:00etan), urtarrilaren 19an Ataungo Mendi Astean (Herri Antzokian, 19:30ean), urtarrilaren 27an Iurretan (Bizkaia) eta otsailean Tolosan.
Tian Shan, Karakorum, Kunlun eta Hindu Kush mendikateek osatzen duten Tamir multzo erraldoia. Tajikistan, Kirgizistan, Afganistan, Txina eta Pakistan herrialdeetan zabaltzen da. Aksu bailaran (ur beltza, hango hizkuntzan) hasten da Pamir, distantziak laneko bidaia, edonondik urrun dagoen lekuan.
Distantzien gertutasunaz
Urruti bai, baina, hara paradoxa, norbere baitan bertan ere badago Pamir. «Tituluan distantziak hitza jartzearen arrazoia zera da: han nola bizi izan genituen bertako edo beste herrialde batzuetako kulturekin distantziak, izandako diferentziak. Hausnarketa egiten du hango jendea nola bizi den», azaldu du Iztuetak.
Natura bizia da Pamirreko lehengaia. Hiru modalitatetako espedizioak uztartu ditu ikuskarian: 2019ko udan Pamir Highway errepidean, bizikletaz egindako zeharkaldia da bat. «Mendiko espedizioa ez zen atera, eta Pamir iparraldetik zeharkatu genuen. Zetaren Ibilbidean mendilerroa zeharkatzen duen bidea dago. Hasi iparrean, eta Afganistango mugara arte joan ginen».
Bestetik, 2021eko udako Perestroika Crack eskalada Slesovan, eta Korzhenevskaya eta Komunismo zazpimilako gailurretarako goi mendiko igoerak ere kontatzen ditu dokumentalean.
Solasaldiarekin borobilduko ditu emanaldiak Ataunen Joseba Eskudero ere bai.