Tuterako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte
Lazkaoko Udalak adierazpena onartu du. Elkarretaratzeak Lazkaon, Beasainen eta Ataunen deitu dituzte, bihar iluntzerako.
Urtea «hasi besterik ez» bada egin ere, lehenengo hilketa matxista deitoratu beharra tamalgarritzat jo du mugimendu feministak. Euskal Herriko lehenengo biktima Tuterako (Nafarroa) Sara Pina emakumea izan da, bere bikotekideak hila. Gaitzespen elkarretaratzeak deitu dituzte biharko, Goierriko hainbat herritan.
Lazkaon, Talde Feministak 19:00etarako deitu du bilkura, plazan, Eraso sexistarik ez! lelopean. Lazkaoko Udalak salaketa-adierazpena ere atera du, gaitzespen «irmoena» adieraziz eta herritarrei ere adieraz dezaten dei eginez.
Ataunen, San Martin auzoko plazan 19:30ean egingo dute elkarretaratzea. «Ez dugu erailketa matxista gehiago onartuko», azaldu du mugimendu feministak deialdian.
Beasainen, Erauskin plazan izango da salaketa-bilkura, 19:00etan, Eraso sexistarik ez, autodefentsa feminista leloaz.