Ampo Ordiziari ihes egin dio garaipenak
Atsedenaldira aurretik joan eta gero, ordiziarrek 29-22 galdu dute Les Abelles taldearen kontra. Defentsako bonus puntua lortu dute.
Ihes egin die garaipenak. Lehen zatian aurretik jarri dira, eta 12 puntuko aldea ere izan dute, baina azkenean Ampo Ordiziakoek ezin izan dute garaipenik ekarri Valentziatik, atzo Les Abelles taldearen aurka 29-23 galdu eta gero. Bonus puntu bat jasota, sailkapeneko laugarren postuan daude, 25 punturekin.
Etxekoak aurreratu ziren 3. minutuan, zigor kolpe bati esker. Ordiziarrek, ordea, joko sendoa erakutsi zuten lehen minutuetan, eta 8. minuturako aurretik jarri ziren markagailuan, Iñaki Muñozen zigor entsegu batekin. Les Abellesek beste entsegu batekin erantzun zuen 26. minutuan, baina lehen zatia amaitu baino lehen, 37.ean, Joubertek beste entsegu bat egin eta Ordiziako taldea 8-12 aurretik jarri zuen.
Bigarren zatian, Ampo Ordiziak aldea handitzea lortu zuen, Valentin Cruzen 2 zigor kolpe eta entsegu batekin. 12 tantoko aldea zuten markagailuan. Handik aurrera, ordea, valentziarrak nagusitu ziren jokoan, eta ordiziarren gainbehera hasi zen. Hiru entsegu egin zituzten etxekoek. Partida bukatzerako, zigor kolpe bat gauzatu zuten ordiziarrek, eta horri esker, defentsako bonus puntua behintzat lortu dute.
Marotias eta Perezen mutilek Altamiran izango dute hurrengo hitzordua, datorren igandean, La Vila taldearen aurka.
Garaipena, berdinketa eta porrota
Gainontzeko kategorietan, denetariko emaitzak lortu dituzte Ordizia Rugby Elkarteko taldeek. Neskek 32-17 galdu dute Zaragozan jokatutako lagunartekoan. 18 urtez azpikoek, 18-18 berdindu dute Gaztediren aurka. Eta asteburuko garaipen bakarra, 23 urtez azpikoen taldeak lortu du, Zaragozako Fenixi 19-22 irabazita.