Idiazabalgo herri krosa, murrizketekin
Idiazabalgo herri krosa jokatuko dute aurten, baina hainbat murrizketa iragarri dituzte antolatzaileek. Umeen krosik ez dute egingo; helduenean, berriz, ez da ez saldarik eta ez dutxarik izango.
Koronabirusaren pandemia oraindik eragiten ari da herrietako festen eta kirol proben antolakuntzan. San Blas jaietako herri krosaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, helduen proba aurreikusita bezala jokatu ahal izango da, baina hainbat aldaketa iragarri dituzte.
Lasterketa hilaren 30ean jokatuko da, 12:00etan. Probaren ondoren, ordea, ez dute saldarik banatuko aurten, eta dutxarik eta aldagelarik ere ez da izango. Bestalde, haurren lasterketarik ez dela jokatuko ere jakinarazi dute; “pena handiz” hartu dute erabakia, goizetik “izugarrizko giroa” sortzen delako umeen probarekin.
Helduen probak 10,2 kilometroko distantzia du, eta izena eman nahi dutenek RocktheSport webgunean dute horretarako aukera.