Ataungo lehenengo Mendi Astean ikuskari emanaldiak izango dira
Joseba Iztueta Dorronsorok Pamir, distantziak lana aurkeztuko du ostiralean. Larunbatean, Mendi Film Tourreko lanak izango dira ikusgai, herri antzokian.
Ataunen Mendi Astea ospatuko dute, lehen aldiz, aste honetan. Udalak antolatu du, eta bi egunetan hiru dokumental ikusteko aukera izango da, Herri Antzokian. Sarrera doan izango da.
Ataungo jatorriko Joseba Iztueta Dorronsorok Pamir, distantziak ikus-entzunezkoa emango du, bihar 19:30ean, Mendi Astea hasteko. Pamir mendikatean 2019ko eta 2021eko udetan egindako bizikleta zeharkaldi, eskalada eta zazpimilako mendien igoera kontatuko du.
Joseba Eskudero espediziokide idiazabaldarrak ere parte hartuko du, eta solasaldia egingo dute mendizaleekin gero.
Mendi Film Tourreko bi
Ostiralean (21:30) Mendi Tourreko bi lan jarriko dituzte. Aurrena Amagana, 14 minutuko filma, Bilboko iazko Mendi Film Festivalen euskarazko lan onena.
Ondoren, Mendiak 1976 (86m) lanak, 1976an talde nafar batek Shakhaur mendira (7.116 m, Afganistan) eginiko espedizioa kontatuko du; historiako lehen euskal zazpimilakoa izen zen.