Bertsolari sariketak aurten ere afaririk gabe eta aretoetan egingo dituzte
Osinalderako baliagarri diren hiru saioak Ordiziako, Legazpiko eta Zaldibiako antzokietan jokatuko dira. Martxoaren 27an da lehena, Argi-Berri saria. Finalaren tokia eta formatua, zehazteko
Bertsolari gazteentzako Goierrin antolatzen diren lau sariketen egunak jarri dituzte antolatzaileek. Iaz bezala, aurten ere aretoetan egitea erabaki dute, COVID-19aren izurriteak eragindako ziurgabetasunagatik. 2020an ez zituzten egin, eta iaz asteburu bakarrean pilatu zituzten hiru kanporaketak.
Aurtengoari dagokionez, egutegian banatuago jarri dituzte Osinalde sarirako baliagarri izango diren hiru kanporaketa-saioak. Hala eta guztiz, afal ondorengo ezaugarria ez dute berreskuratuko oraindik, ezta soziedade girokorik ere. Aretoetan eta eguerdi nahiz arratsalde partean izango dira bertso saioak.
Martxoaren 27an lehena
Ordiziako Argi-Berri Sariarekin hasiko da ordena aurten. Martxoaren 27an, igandearekin, Herri Antzokian izango da kanporaketa, 12:00etan hasita.
Ondoren, astebete geroago, apirilaren 2an, Aztiri Sariak jarraituko dio, beste sei bertsolarirekin saio guztietako izenak aste honetan zehar zehaztekotan dira antolatzaileak. Aurten ere Legazpin jokatuko da, Latxartegi aretoan, 17:00etan.
Hirugarren eta azken kanporaketa Zaldibian egingo dute, apirilaren 9an, Herri Antzokian 17:00etan. Handik aterako dira Gabiriako Osinaldeko finalerako faltako diren azken bi bertsolariak. Osinalde saria apirilaren 23an jokatuko da, baina oraindik ez dute erabaki lekua eta formatua. Egoerak esango du.