Kopla tailerra, Korrika eta zinema asteburuan Itsason
Itsasoko Batzordeak antolatuta, hainbat kultur ekintza izango dituzte itsasoarrek asteburuan udal areto ganbaran. Ostiralean izango da aurreneko ekintza, urtarrilaren 21ean. Santa Ageda aurreko kopla tailerra egingo dute, 18:30ean. Pasa den urteari agur esango diote koplen bidez, urteko errepasoa eginez. Ostiralerako ere beste deialdi bat egin du batzordeak. 22. Korrika badatorrenez, Goierriko Korrika antolatzeko bilera egingo da 19:00etan.
Martxoaren 31tik apirilaren 10era izango da Korrika. Herriko batzordean parte hartzera deitu dituzte herritarrak, aurretiko prestakuntza egin ahal izateko. Itsasoko asteburuko kultur agendako azken ekintza igandean izango da. Filmazpit elkartearen eskutik, 18:30ean, Lupin III pelikula japoniarra emango dute, jatorrizko hizkuntzan, japonieraz, eta euskarazko azpitituluekin.
Neguko azkena
Arsene Lupin III lapurra da filmeko protagonista. Bere aitonak aurkitu ezin izan zuen Diario Bresson delakoa bilatzen ibiliko da Letiziarekin, eta abentura bitxiak biziko dituzte. Lupin III Monkey Punch-ek sortutako mangan oinarritutako ordenagailu bidezko 3D animazioa da, Japonian oihartzun handia izan duena. Itsasoko neguko zinema eskaintzako azkeneko filma izango da. Aurretik, azaroan Hamada eman zuten, eta abenduan Tomboy.













