Pintatuak eta kalean sute txikiak egin izana gaitzetsi du Lazkaoko Udalak
Asteburuan egindako hainbat ekintzak "tokirik ez" dutela salatu du.
Lazkaon asteburuetan izandako su txikiak eta pintaketak gaitzetsi ditu udalak. “Herritarren osasuna eta segurtasuna arriskuan” jarri dutela eta udalerriko azpiegituretan “kalteak” eragin dituztela azaldu du dalak, ohar batean. Udalak zabaldutako argazkietan, zabor edukiontzi batean “ETA gora” dioen pintatua eta kalean lurrean egindako su batek belztutako zorua ageri dira.
“Horrelako jarduerek ez dute lekurik Lazkaon. Lazkaotar guztiok udalerri atsegin bat eta azpiegitura-sare zabal bat bultzatzen ari gara elkarlanean, eta gizabanako batzuek eragiten dituzten ekintza bandaliko horiek kalte besterik ez diote egiten udalerri gisa eraikitakoari”, deitoratu ditu jarduera horiek udalak.
Ondo pasatzeko edota adierazpenak egiteko “bide zibikoak” erabiltzeko eskatu, eta, aldi berean, “zaintza lanak” indartuko dituela aurreratu du udalak.