Bi aldeek akordioa lortu dute eta ez da etxegabetzerik gauzatu
Ehun bat herritar atarian bildu dira presio egiteko eta etxegabetzeko arriskuan zen familiari babesa adierazteko. Kontseilu Sozialistako kideek antolakuntzaren garrantzia azpimarratu dute
Etxegabetzeko arriskuan zeuden emakumeak eta hiru seme-alabek gaua ohiko bizitokian igaroko dute. Bi aldeek akordioa lortu dute azken unean eta ez da kaleratzerik gauzatu. Astebeteko epea adostu dute egoera desblokeatzeko. Emakumeak, hunkituta, etxeko balkoitik eskerrak eman dizkie atarian bildutako ehun bat herritarrei. Hauek, txaloka erantzun diote.
Negoziaketetan aritu diren Goierriko Kontseilu Sozialistako kideek ere mobilizazioaren garrantzia azpimarratu dute. “Antolakuntzari esker gaur goizean posible ez zen alternatiba bat lortu da”. Gehiegi luzatu dela eta ongizate-estatuaren gabeziak agerian gelditu direla atsekabetu dira: “ez da posible kalean gelditzeko arriskuan dagoen familia batentzat errekurtsorik ez izatea”, salatu dute. Bihar hotzean hausnartutako balorazioa argitaratuko dutela iragarri dute.
Mobilizatuta jarraitzeko deia egin dute, familiak gaua etxean igaroko duen arren, etxebizitzaren inguruko arazoa erroetatik lantzeko. Etxebizitza “merkantzia hutsa” bezala tratatzean dagoela muina diote. “Kapitalak ere logika zekena ezartzen du bizitzako esparru bakoitzean, baita ere etxebizitzaren auzian. Horrela bakarrik ulertu daiteke oraindik ere familia osoak kale gorrira kondenatzea, negu betean eta Beasainen dozenaka etxe huts egonda”.
Tentsio uneak
Atarian bildutako manifestariek Nafarroa etorbidea ordu eta erdiz moztu dute. Ertzaintza galarazten saiatu da, bultzaka ere hasi dira, baina elkarretaratzeko baimena zutenez ez du atzera egin. Kaleratzeen aurkako eta borrokarako oihuak egin dituzte. Herritarren artea tirabiraren bat ere izan da.
Manifestarien artean Etxegabetzeen aurkako plataformako kideak eta Elkarrekin Podemoseko eta EH Bilduko ordezkariak ere izan dira. Moreek “antolakuntza eta batasuna” aldarrikatu dituzte; Beasaingo EH Bildurentzat “onartezina” da “oraindik ere etxegabetzeak jasan behar izatea”. Herritar orok etxebizitza “duina” izateko lan egingo dutela zin egin dute.