Energia lanak, Botika-etxea eta hiri plangintza ditu Ataunek egitasmoak
Udalak ohi baino aurrekontu handiagoa izango du 2022rako, 2,1 milioi pasakoa. Hiru proiektu handi horiei heltzeko egokiera du. Ura tratatzeko planta da beste behar bat
Ataungo Udalak 2.143.491 euroko aurrekontua dauka 2022rako, abenduaren 21ean udalbatzak aho batez onartuta. Iazkotik nabarmen hazi da 1.996.142 euro ziren 2021ean, eta etorkizunerako proiektu sendoagoak finkatzeko baliatuko du egokiera, Martin Aramendi alkateak esan duenez. Hiru zeregin nagusi hartu ditu udalak aurtengo: energia eta argiteria, San Martingo plazako Botika-etxea erostea, eta HAPO Hiri Antolamenduko Plagintza Orokorra berritzen hasi.
Lehen inbertsio-sailerako 200.000 euro bideratu dituzte, Europako funtsetatik energia trantsiziorako Espainiaren diru laguntzek %85eko finantzazioduna hauspotuta. Kale argiteria led sistemara egokitzeko laugarren eta azken fasea gauzatu, bi pilotalekuetako argiak led-era aldatu, eta eraikin publikoetan udaletxean, San Martingo nahiz San Gregorioko frontoietan, eta Aian eguzki-plakak instalatuko dituzte.
Energiaren auditoria 2021ean egin dute. Energiaren beharra autosorkuntzaz hornitzea da asmoa. «Erabiltzen ez den soberakina, energia komunitate bat edo batzuk sortu eta haiei eskaintzea ere aztertzen ari gara», dio Aramendik.
HAPOari dagokionez, 150.000 bereizi dituzte. «Oraingo Arauak 2004koak dira, eta berritu beharrean daude. Lau edo bost urtetan gauzatzea aurreikusten dugu antolamendu berriaren idazketa. Aurten, lana esleitu eta martxan jarri nahi dugu».
Ur arazketa planta nahi
Botika-etxea La Caixa banketxearena da gaur egun, eta bai eraikina, bai inguruko lur saila eskuratzeko negoziaketa egina dauka udalak. Banketxearen administrazio kontseiluak onespena emateko zain daude, salerosketa egiteko. La Caixaren teknikariek tasatuta eta txostena egina daukate. Agintaldiaren hasieratik ekin zion udalak Botika-etxea erosteko asmoari. Ondoren aztertuko dute zer erabilera eman.
Gerakinaren zati bat erabiliko du udalak Botika-etxea erosteko eta hirigintza lanak egiteko. 2011tik ordaintzen ari den mailegua ere kitatuko du.
Bestetik, mahai gainean dagoen beste lan bat herriko edateko ura tratatzeko plantarena da. Euri asko egindakoan, arretuta iristen da sarri ura kaniletara, eta horri konponbidea emateko eskatu dio udalak Diputazioko Jose Ignacio Asensio diputatuari. Ataungo bi alderdiek agintaldi-itunean jasotako eginkizunetako bat da. Uraren ziklo osoaren kudeaketa Ur Kontsortzioak hartuta dauka.
Autokarabanen parkinga
Aurtengo aurreikusitako beste lan bat autokarabanen aparkalekua Zubikoetako industrialdean egokitzea da. Pabiloi artean hutsik dagoen orubea prestatuko du udalak 20 bat ibilgailurentzat, argindarra, ura eta itxitura ipinita. Tarifa bat izango du.
Baserri-bideak konpontzeko 125.000 gorde dira. Aldarretako bidea eta beste bat tokatzen dira aurten, zerrendaren arabera. Urrutsumendiko bidea ere berritu beharrean dago, euriteek «txikituta» utzi dutelako. Eskolako komunak ere berrituko dituzte.
Arlo soziokulturalean, Atsedentoki jubilatu elkarterako dinamizatzaile bat hartuko dute, astean behin, jarduerak gidatzeko. Eibarko Badihardugu elkartearen Ahotsak proiektuan, lantzeko falta diren Ataungo elkarrizketa-audio etnologikoentzat hitzarmena egingo da.
Aian interpretazio gunea, bertako bizimodu eta lanez
Aia auzoan interpretazio zentro txiki bat jartzeko ideia aurreratuta dago. Hango batzarretik atera zen proposamena, auzoaz informazio eta ikus-entzunezko material asko dagoela eta, gune bat prestatzeko.
Lehen mediku-kontsulta izan zen lokala egokituko du udalak, «obra txiki» bat eginda, eta han jarriko dute Aiako interpretazio zentroa.
Auzoko bizimodua, lanbide zaharrak, fauna, belar kableak, gastronomia, edota aiarrei egindako elkarrizketa nahiz argazkiak jasoko dituzte han.Asmoa maiatz-ekain alderako irekitzea da. Haitzarri auzo elkartearekin kudeaketarako hitzarmena egingo du udalak. Bisitak eta hilean behin ekitaldiak antolatuko dituzte.