Etxez etxeko arreta zerbitzuko langileek mobilizazioak eten dituzte
Enpresak eta langileek bitartekari batengana jo dute egoera konpontzeko asmoz. Goxarak otsailaren 9rako proposamen bat lantzeko konpromisoa hartu du; langileek ez dute protestarik egingo bitartean
Etxez etxeko arreta zerbitzuko langileen izenean ELAko ordezkariek eta Goxara S. L.ko arduradunek bilera egin dute gaur, Donostian, Lan Harremanen Kontseiluan. Enpresak hurrengo bilerara langileen egoera hobetzeko proposamen bat eramateko ardura hartu du; langileek, bitartean, mobilizazioak etengo dituzte. Otsailaren 9an jarri dute hitzordua.
Lan-gatazka ez da berehalakoan amaituko. Langileek proposamena baloratu eta oniritzia eman beharko diote.
Urtebete baino gehiago daramate gatazka amaitu ezinik. Langileek lan hitzarmena adostea nahi dute, ezer ez dutenez legedi orokorra aplikatzen dietelako. Kexu dira ez dela euren beharretara egokitzen. Besteak beste, lan karga handiak eta soldata txikiak dituztela salatu dute behin baino gehiagotan. Goxarak, aldiz, udaletxearekin adostutako baldintzak betetzen dituela dio. Zerbitzuaren titularra Beasaingo Udala da, baina Goxarak ustiatzen du. Negoziaketak onbideratzeko ELAk Gatazkak ebazteko prozeduraren bitartekaritza eskatu zuen eta bertan lortu dute aurrerapausoa.