Familia bat kale gorrian gelditzea ekiditeko negoziatzen ari dira
Goierriko kontseilu Sozialistak elkarretaratzea deitu du gaur goizerako, kaleratzea gaitzetsi eta familiari babesa erakusteko.
Emakume batek, hiru seme-alabekin, bere etxea gaur uzteko agindua du. Kale gorrian ez gelditzeko Beasaingo Udalarekin negoziatzen dabiltza egunotan. Azken unean egoera desblokeatzea lortzen badute, behartutako kaleratzea ekidingo lukete.
Goierriko kontseilu Sozialistak elkarretaratzeko deia egin du, gaur bertan, 10:30ean, Nafarroa etorbidearen eta Zelaeta kalearen arteko bidegurutzean. Familiari babesa erakutsi nahi diote eta kaleratzeak, gaitzetsi. Arazoaren erroa etxebizitza «merkantzia hutsa» bezala tratatzea dela diote. «Bere logika zekena ezartzen du kapitalak bizitzako esparru bakoitzean, baita ere etxebizitzaren auzian. Horrela bakarrik ulertu daiteke oraindik ere familia osoak kale gorrira kondenatzea, negu betea eta dozenaka etxe huts egonda Beasainen». Etxebizitza Sindikatuak ere bat egin du deialdiarekin. Instituzioek arazoa ezkutatzen dutela salatu dute, «errealitatearen ikuspegi murritza eta azalekoa elikatuz». Etxebizitzaren arazoa orokortua dela diote eta orain arte hartutako neurriak ez direla nahikoak.