Goierri eskualdea Madrilgo Fitur nazioarteko turismoaren azokan izango da beste urtebetez
Goitur Goierriko Turismo Agentziak, Euskadiko stand-aren barruan du tokia. Madrilen bizi den Nerea Garmendia aktore beasaindarra Goierriko enbaxadore gisa aurkeztu dute Fiturren.
Goierri eskualdea Madrilgo Fitur nazioarteko turismoaren azokan izango da beste urtebetez, Goitur Goierriko Turismo Agentziaren eskutik, Euskadiko stand-aren barruan. Aurtengoa Fiturren parte hartzen duten 26. aldia izango da jarraian. Gaur izan da azokaren irekiera eta igandera arte egongo da zabalik. Euskadiko stand-a 3 sailetan banatu dute: hiriburuak, touring-a eta informazio orokorra. Goierrik 3 ataletan dauka presentzia.
Batetik, hiriburuaren produktuari dagokionez, Donostiako aukera turistikoaren barruan agertzen da Goierri, Donostia turismoko bazkide delako. Bestetik, Euskadi touring atalean, Goierriko jatetxe, alojamendu, museo, errekurtso eta produktuturistikoen berri emango dute, Goierri gidaren bidez. Azkenik, informazio orokorraren atalean, Goierri Gastronomika egitasmoaren informazioa agertzen da Euskadi Gastronomikaren barruan: eskualdeko lehen sektoreko ekoizleak, jatetxeak, komertzioak eta produktu gastronomikoak. Goierriko mendi probak eta ibilbide desberdinak biltzen dituen Basque Highlands mapa ere aurki daiteke informazio orokorreko sailean.
Aurkezpena, gaur
Madrilen bizi den Nerea Garmendia aktore beasaindarra Goierriko enbaxadore gisa aurkeztu dute Fiturren. Campermendia deituriko proiektua aurkeztu du aktoreak, lehen promozio lanarekin, Goierrin grabatutakoa. Goierriko sagardo denboraldia ere Garmendia berak ireki zuen ostiralean, Altzagako Olagi sagardotegian.