Ibilgailuen abiadura murrizteko lanak egingo dituzte bide nagusian
Zeraingo Frontoitik Antxaputzuko errotondara doan zatia berregiturako dute. Bihar frontoi atzean eta aterpetxe aurrean dauden hondakin-guneak kenduko ditu Sasietak, bakarra jartzeko
Zeraingo Udalak hainbat lan egingo ditu herria zeharkatzen duen bide nagusian, bertatik pasatzen diren ibilgailuen abiadura murrizteko. 20-30 kilometro orduko abiadura eremua ezartzea da helburua, ibilgailuen eta oinezkoen bizikidetza lortu eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Frontoitik Antxaputxuko errotondara doan errepide zatia berregituratuko dute datozen asteetan.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuarekin eta Sasietarekin adostuta, itxura berria emango diote bideari. Frontoitik udaletxeraino doan eremuan ezingo da kotxerik utzi aurrerantzean, eta autobus geltokitik errotondaraino dagoen zatian aparkalekuak kokatuko dituzte. Aparkalekuko zatian ere begiratoki bat eta hondakin gune bat kokatuko dute. Begiratokian aulkiak jarriko dituzte, eta hondakin guneari dagokionez, herriko zabor gune bakarra izango da, frontoi atzean eta aterpetxe aurrean daudenak ordezkatuko baititu.
Datorren astetik aurrera
Hondakin gunearen aldaketa egingo du Sasietak. Amaia Junquera alkateak azaldu du «edukiontzi handiagoak» jarriko dituztela, «beste sistema» batekin. Sistema horrekin, Sasietako kamioiek ez dute herrira sartu beharrik izango, eta kamioi handiek jasoko dutenez zaborra, «azkarragoa eta merkeagoa» izango da. Gaur zortzi hasiko dira lan horiekin.
Asteburuan, berriz, auzolanean egingo dituzte zenbait lan. Herritarrek aparkalekua izango dena margotuko dute, errepide bazterrean.
Loreontzi gehiago
Bidea berregituratzeko eta autoei abiadura moteltzera behartzeko beste neurri bat loreontziak jartzea izango da. Dagoeneko daudenaz gain, loreontzi gehiago jarriko dituzte errepidean bertan. Neurri horien bidez, bidea abiadura baxuko eremua izatea lortuko da, eta «haurrentzako eremu seguruagoa» izatea.