Koloretako oinatzeen bideak
Mugikortasun jasangarria ardatz, haurrak eskolara oinez joatea bultzatzen duen proiektua garatu du Ordiziako udalak, herriko ikastetxeekin eta gaztetxoekin elkarlanean
Mugikortasun jasangarria ardatz hartuta, hori bultzatzeko ekimen eta proiektu desberdinak garatzen ari da Ordiziako Udala. Azken urratsa, eskola bidea margotzea izan da. Herrian zehar, hainbat guneetan koloretako oinatzak eta elkarguneak margotu dituzte. Helburua da, herriko gaztetxoek oinez egitea eskolarako bidea, margotu diren elkarguneetatik taldean abiatuta. Udalak, Ordiziako ikastetxeen eta ikasleen laguntza izan du proiektu honetan.
Ainhoa Jimenez udaleko Hezkuntza zinegotziak, proiektuaren inguruko argibide gehiago eta zehatzak eman ditu: «Proiektu honen helburua da ikasleak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitzeko aukera izatea, eta espazio publikoaren erabilera berreskuratzea».
Herriko bi ikastetxeek «modu bateratuan» egin dute proiektua «Udaltzaingoarekin» batera, eta ekimeneko partaide «aktibo» izan dira.
«Jakintza Ikastolako eta Urdaneta ikastetxeko ikasle gehienek ibilbide berdintsuak erabiltzen dituzte eta modu honi esker puntu horiek identifikatuta izango ditugu», adierazi du Jimenezek.
Maitane Alvarez alkateordeak gaineratu du eskola-giroan «mugikortasun aktiboa sustatzea tresna eraginkorra» dela, «txiki-txikitatik kontzientziatzeko jarduera fisikoak osasunari ekartzen dizkion onurez».
Oinez nahiago dute
Proiektuan parte hartu dute Ane Albisuk, Xabi Alberdik, Bernard Etxeberriak eta Luken Galparsorok. «Pozik» agertu dira egindako lanarekin. Kontatu dute, lehen ere oinez joaten zirela eskolara eta aurrerantzean ere hala egingo dutela.