Korrikak bost ordu egingo ditu Goierrin
50 kilometro baino gehiago izango dira. Urretxutik sartuko da, apirilaren 8ko arratsaldean; Legorretatik, irten, iluntzean
Korrikak Goierrin bost ordu pasatxo egingo ditu. Apirilaren 8ko arratsaldean helduko da, 16:00ak baino lehenago, Urretxutik; Zumarraga igaro ostean, Eitzatik behera, Ormaiztegira joango da; Liernitik barrena, Aizkorpera egingo du; Olaberria, Lazkao, Beasain… eta nazional 1 errepide zaharretik behera, Legorretara arte. Goierrin 50 lekuko aldaketa baino gehiago izango dira.
Korrikak herri guztiak zeharkatzea ezinezkoa da eta batzuk kanpoan gelditu dira. Legazpi, esaterako. Altzagako, Aramako, Ataungo, Gabiriako, Gaintzako, Itsasoko eta Zaldibiako herriguneak ere ez ditu igaroko.
Azken txanpan
Ibilbidearen nondik norakoak gaur aurkeztu dituzte. 22. edizioak 2.180 kilometro izango ditu, denera, Amurriotik Donostiara. Martxoaren 31n hasiko da, ostegunez, eta apirilaren 10ean, amaitu, igandean. Hortaz, Goierritik azken asteburuan pasako da. Gainera, egun horretan hasiko dituzte askok eta askok Aste Santuko oporrak.