A-636ko bidesarien aurkako plataformak lanean jarraituko du
Hilaren 29an batzar irekia egingo dute: 11:00etan izango da, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean .Indarrak batu eta herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte
Gaizki ulertu bat medio, astearteko egunkarian A-636 errepideko bidesarien aurkako plataformak bere jarduna eten duela argitaratu zen. Ez da hala. Asteazken iluntzean agerraldia egin zuten lanean jarraituko dutela argi uzteko eta herritarrak batzar ireki batera gonbidatzeko. Hilaren 29an izango da, 11:00etan, Zumarragako kultur etxean.
Edu Reguero eta Jokine Lizarralde plataformako kideek hartu zuten hitza, gainontzekoen babesarekin. Bidesaria asteartean ezarri zuten eta ondorioak nabarmenak direla esan zuten. «Errepide zaharrean trafiko gehiago dago eta hori arriskutsua da. Zerbait gertatzen bada, nork hartuko du ardura bere gain? Aldundiak? Alkateek?», esan zuen Reguerok.
Lizarraldek dagoeneko txirrindulari batek Eitzako igoeran susto handia izan duela gehitu zuen. «Jendea autobidera ohitu da eta ez da egokitu oraindik errepide zaharrera. Gainera, errepide zaharrean aldaketak egin dituzte oinezkoei lehentasuna emateko eta horrek egoera bideraezina bilakatu du. Errepide alternatiborik gabe utzi gaituzte».
Lanean jarraituko dutela aurreratu zuten. «Gure helburua ez da bidesaria kentzea bakarrik. Beste helburu asko ditugu. Horien artean, Oiarbide anderearen gezurrak agerian uztea. Bidesaria Europak behartuta jarri dela esan du eta hori ez da hala. Gure beste helburu bat, bertako politikariak beraien postura azaltzera behartzea izan da. Osoko bilkuretan bidesariak ezartzea defendatu dute. Esan bezala, gure helburua ez da bidesariak kentzea bakarrik. Bidesariez hitz egin nahi dugu: zergatik ezartzen diren, zergatik zigortzen dituzten langileak eta ikasleak… Horren inguruko eztabaida piztu nahi dugu. Jendea inoiz baino haserreago dago eta inoiz baino lanerako gogo handiagoa du. Baina plataforma bat gara, ez alderdi bat. Hori dela eta, gehiago kostatzen zaigu pausoak ematea. Datorren astean bilera bat egingo dugu hurrengo pausoen inguruan hausnartzeko».
Lizarraldek herritarrak parte hartzera gonbidatu zituen. «Indarrak batzeko aukera izango da. Bilera herritar guztiei zabalik egongo da. Pandemiak gure lana asko zaildu du eta orain arte ekarpenik egin ezin izan dutenen ekarpenak jaso nahi ditugu. Babestuak sentitzen gara. Gaurko ekitaldiko deialdia gaur eguerdian bertan egin da eta jende asko gerturatu da. Bilerak fruituak eman ditzakeela uste dugu. Langileok jasaten ari garen atrakua salatzeko indarra eta ideiak lortzeko balioko digula uste dugu».
Langileen kalterako
Reguerok hilean 1.000 euro kobratzen duenarentzat hilero 35 euro ordaintzea asko dela gehitu zuen. «Gure alkateek bezala, hilero gutxi gorabehera 5.000 euro kobratzen badituzu, 35 euro ez da diru asko. Gainera, bidesariekin lortuko den diruaren zati handi bat N-1a konpontzeko izango da. Guri kobratuko digute, ordea. Eta A-636 errepidea ordaintzen dutenean, ez diote bidesaria kobratzeari utziko».
Reguerok Oiarbideren «gezurra» zigortu beharra dagoela gehitu zuen. «Ezin da zigorrik gabe gelditu. Gezurrak ondorioak izan behar ditu. Berak eta gure udaletako agintariek hau guztia hauteskundeetan ordaintzea espero dugu. Osoko bilkuretara alkateen babesaren bila joan ginen eta kolpe gogorra jaso genuen. Baina elkartzen bagara eta zarata ateratzen badugu, erabakia atzera botatzea lor dezakegu. Epe luzeko lasterketa da. Aldundiko azken botazioan alderdi batzuk bidesari hauen aurka bozkatu zuten».