Beasainen emakume bat bortxatzea leporatzen dioten gizonaren aurkako epaiketa astelehenean hasiko da
Ustezko erasoa duela bi urte gertatu zen, Beasainen. Sei egun geroago Lazkaon atxilotu zuten gizonezkoa
2019ko uztailean Beasainen ustez jazo zen bortxaketa ebazteko epaiketa astelehenean hasiko da, Probintzia Auzitegiko Hirugarren Sekzioan. 80 lekukok eta perituk baino gehiagok deklaratuko dutenez, asteak iraun ditzake. Otsailaren hasierara arte ere luza daiteke prozesua.
EFE agentziaren arabera, fiskaltzak akusatuari emakumea bortxatu izana leporatuko dio. Fiskaltzat frogatutzat jo du atarian itxaron ziola, kloroformoarekin lokartu egin zuela eta ohera lotu zuela, harremanak izateko. EFEren arabera emakumearen gorputzean eta arropan topatutako espermak eta akusatuarenak bat egiten dute.
Clara Campoamor elkartea herri akusazio gisa arituko da epaiketan. 24 urteko kartzela zigorra eskatuko du.
Beste bi epaiketa
Gizonezkoa Lazkaon atxilotu zuen Ertzaintzak, ustezko erasoa gertatu zenetik sei egun geroago. Orduz geroztik, kartzelan dago. Tartean, Gipuzkoan jazotako beste ustezko eraso batzuk ere leporatu dizkiote. Alde batetik, 28 urteko zigorra eskatzen diote ustezko bortxaketa bategatik eta bi erasoren saiakeragatik. Bestetik, hamaika urteko zigorra eskatzen diote beste ustezko bortxaketa batengatik. Gainera, beste eraso bat ere ikertzen dabiltza, kasua oraindik epaitegietara iritsi ez den arren.