Denentzako espazioa
Ezkio-Itsasoko mediku etxe zaharreko lanak amaitu dituzte dagoeneko. Barruan jartzeko material teknikoa kudeatzen ari dira orain. Herri eskolako tailerrak bertan jarri dituzte.
Ezkio-Itsasoko mediku etxe izandako eraikineko obrak bukatu dituzte eta urte honetan erabilgarri egongo da. Oraindik ez dakite data zehatza, eraikineko lanak bukatuta badaude ere, eraikin barruko lanak ez baitituzte amaitu. Material teknikoa kudeatzen ari da udala, barruan jarriko dituzten espazioak ekipatzeko.
Duela 3 bat urte ekin zion Ezkio-Itsasoko Udalak proiektuari, 2019an, eraikinari beste itxura eta batez ere erabilera bat emateko helburuz. Urte hartan lehenengo fasea egin zuten, eta ondoren beste bi fase ere egin dituzte, 2022 urte hasiera honetan eraikuntzari dagokien lan guztiak amaitu dituzten arte.
Lehenengo fasean igogailua jarri eta teilatua konpondu zuten. Bigarrengo fasean, berriz, eraikuntza barruko lanak egin zituzten. Fatxada ere konpondu zuten eta komun publikoak jarri zituzten. Urte hasiera honetan bukatu dute hirugarren eta azken fasea. Bigarren solairua egokitu dute, eta ganbara eta kanpoaldea ere txukundu dituzte. Ataria asfaltatu eta inguruan berdegunea landatu dute.
Erabilera desberdinak izango ditu eraikuntzak, herritarren beharrean arabera. Erabilera batzuk zehaztuta daude, eta beste batzuk zehazteke. Eskolako ikasleek tailerra izango dute bertan. Abenduan material bilketa egin zuten herritarrek auzolanean tailerrak ekipatzeko, eta udalak azaldu duenez, «Herri Eskolako jostundegi eta aroztegi tailerra dagoeneko mediku etxe zaharrean kokatu dituzte». Gimnasio zerbitzua ere egongo da bertan, eta hori hornitzeko ekipamendu bila dabil Udala, aurrekontu desberdinak baloratuz. Azken solairuko gelak bilera-gela gisa erabiltzea aurreikusi dute, baina «herritarren beharrak eta nahiak ezagutuko» dituzte erabileraren nondik norakoak erabakitzeko.