Ezinegona sortu du
Astearteaz geroztik, Beasain eta Bergara arteko A-636 errepidea ordainpekoa da. Goierriko eta Debako herritarrak ez daude batere ados.
Asteartean hasi ziren Bergara eta Beasain arteko A-636 errepidean bidesaria kobratzen, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako neurriak Goierriko eta Debako herritarrak ez ditu ezaxola utzi. Ibar horietako bizilagunek makina bat mobilizazio egin dute bidesarien aurka, pandemiaren eraginez nolabait epeldu egin diren arren. A-636 Peajerik Ez herritarren plataforma eta Goierriko Kontseilu Sozialistako gazteak dira bidesariaren aurkako borrokaren adibideetako bi Goierrin.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019. urtea amaitzear zela iragarri zuen Beasain-Bergara arteko A-636 autobidea kobratzen hasiko zela. Ordutik, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak makina bat argudio eman du neurria arrazoitzeko asmoz. Besteren artean, Europako Batasuneko politikek “errepideak ordainpekoak bilakatzeko joera” dutela aipatu izan du Oiarbidek, baita bidesariekin lortuko duten dirua “A-636 errepidea mantentzeko eta hobetzeko” erabiliko dutela ere. “Jakitun gara ez dela gustuko neurri bat, baina gauza asko ordaindu behar dira, eta aurrekontua mugatua da”, esan zuen orain aste batzuk hedabideen aurrean egindako agerraldi batean.
A-636 Peajerik Ez plataformako kide Jokine Lizarralderen iritziz, Oiarbideren argudioak “gezurren gainean” sortuak daude. “Astakeria hutsa da bidesarietatik jasoko duten diru guztia orain urte gutxi amaitu duten errepide baten mantenurako dela esatea”. Izan ere, plataformak egindako kalkuluen arabera, bidesariarekin “dirutza” gastatuko dute Goierriko eta Debako herritarrek. “Abiatu sistemaren deskontuak aplikatuta, urteko eta ibilgailuko 450 euro inguru ordaindu beharko dute etxe bakoitzean”. Errepide hori egunero 9.000 ibilgailu inguruk erabiliko dutela aurreikusi dute. “Eta, ondorioz, urte gutxiren buruan ordainduta egongo da autobideko obra”.
Europako Batasunak ez duela inor bidesariak jartzera behartzen ere esan du Lizarraldek. “Beste gauza bat da administrazio ezberdinek banketxeekin zer-nolako kontratuak dituzten jakitea”, argudiatu du. Izan ere, plataformak publiko egin zuen Bidegik bederatzi banketxerekin sinatu zuen kontratua. Plataformako kideek diotenez, kontratu horretan aldundiak banketxeei “bidesaria ezartzeko baimena” eman zien, “hain zuzen, autobidea egiteko eskatu zuten kreditua ordaindu ahal izateko”. Bizitzaren garestitzearekin “zuzeneko lotura duten politikak” dira, Lizarralderen ustez. “Dena interes ekonomiko eta politikoetan oinarrituta dago, eta inondik inora ez dituzte aintzat hartzen herritarrak”.
Erabaki “diskriminatzailea”
Iritzi berekoa da Goierriko Kontseilu Sozialistako kide Mattin Intxausti Arrizabalaga. “Urteak daramatzagu krisi kapitalista batean murgilduta, eta badirudi zehaztu direla krisitik ateratzeko ziklo ekonomiko berrirako oinarriak, bizitzaren garestitzean eta askatasun politiken ukapenean oinarrituta”. Bidesaria “datorrenaren adierazpen gisa” ulertu du Goierriko Kontseilu Sozialistak. “Horregatik, bizitzaren garestitzearen fenomenoa eta horren jatorria ulertzeko balio behar du bidesariaren aurkako borrokak, antolatzeko indarrak metatzeko balio behar duen neurri berean”.
Biak ala biak bat datoz, ondorio ekonomikoez gain, bidesariaren ezarpenak beste albo ondorio batzuk ere ekarriko dituela esatean; bide zaharrean trafikoa areagotzea, esaterako. Lizarralderen iritziz, “diskriminatzailea” da neurria, gutxi batzuk bakarrik behartzen dituelako ordaintzera. Intxaustik gaineratu du ez dela neurri unibertsala, “baliabide gutxien dituztenei mugikortasunerako aukerak ukatzen dizkielako”.