«Garrantzitsuena ez da begiekin ikustea; baizik, arimatik behatzea»
Galarragak (Ordizia, 1968) ‘La mirada de Mikel’ eleberria argitaratu du. Hirugarren nobela du, argitaratutako laugarren lana. ONCEren bidez audio-liburu formatuan ere plazaratuko du.
La mirada de Mikel –Mikelen begirada– eleberria argitaratu zenuen urte hasieran.
Niretzako garrantzitsua da ez soilik ikustea, baizik begiratzea. Ikusi ikusten dugu, baina zenbat denbora eskaintzen diogu behatzeari? Edozein momentu, edozein paisaia, edozein artelan… Mikel itsua da baina bere amaren bidez behatu egiten du.
Amak Alma du izena, eta almak gaztelaniaz arima esan nahi du. Liburuan sarri errepikatzen da arimarekin behatu behar dela, eta Mikelek Almaren bidez ikusten du. Nahita egindako hitz jokoa da?
Almaren izena lagun idazle batek proposatu zidan eta aproposa iruditu zitzaidan. Gainera, ni ere oso introspektiboa naiz eta gustatzen zait barrutik begiratzea. Horregatik diot garrantzitsuena ez dela begiekin ikustea, baizik barrutik, arimatik, behatzea.
Izenburura Mikel eraman duzu baina Almak ere pisu handia du.
Liburuaren lehen zatian Alma da protagonista. Bere bidez ezagutuko dugu Mikel. Eta hauei pertsonaiak eta mundu ezberdinak lotzen joango zaizkie: amona Pantxika, Brigitte, Juliette…
Emakumeen presentzia oso handia da. Ez soilik azken eleberrian, aurrekoetan ere bai.
Ez dut nahita egin. Ni ere emakumea naizelako izango da. Egia da, adibidez, emakume margolariei keinu bat egin diedala. Egon badauden arren ez zaielako horrenbesteko ikusgarritasunik eskaintzen. Baina gizonezkoak ere sartu ditut, eta paper garrantzitsuetan.
Bizitza zaila egokitu zaien pertsonaiak sortzeko joera duzu: Mikel itsua da, Eleonorak hitz egiteko eta bihotzeko arazoak zituen, Izadik amnesia zuen istripu baten ondorioz…
Bizitza gozoa eta garratza da. Gertatzen diren gauzak dira, baina gutxi hitz egiten da. Nik ere nahi baino gutxiago idatzi dut. Baina idatzi dudana enpatiatik egin dut eta irakurleak beraiek sentitzen dutena sentitu dezala.
Beasainen kokatu duzu.
Hemen bizi naiz eta asko maite dut. Beasainmendi, Usurbe, Murumendi, Igartza… Hemengo ohiturak eta folklorea… Gehiegi sartu gabe baina protagonismoa ere eman nahi izan diot.
Laugarren lana duzu, hirugarren eleberria. Guztietan sartu dituzu poesiak, abestiak, kolaborazioak… zure marka dira.
Idazten ari naizela burura etortzen zaizkit irakurritako poesiak, abesti zatiak, pasarteak… ondo egokitzen badira jarri egiten ditut. Jada irakurleek ezagutzen naute eta espero dituzte.
Letren munduan tokia egiten ari zara.
Oso gustura nago. Irakurleek liburuak eskatu egiten dizkidate eta oso pozgarria da hori. Gainera, batek baino gehiagok esan dit imajinatzeko eta erreflexionatzeko ere balio izan diela, eta horrek asko betetzen nau.
Eta orain zer?
Liburu hau, bereziki, itsuentzako idatzi nuen. Beraiek ere gozatu dezaten ONCErekin audio-liburu bat aterako dugu. Ametsa da niretzako.
Ahotsak zuk jarriko dituzu?
Itsua den lagun bati liburua irakurri egin nion eta berak proposatu zidan audio-liburuaren formatua. Berak ere esan zidan ahotsak jartzeko, nik idatzi nuenez nik baino hobeto inork ez zuelako egingo, baina ONCEk baditu ahotsa jartzen duten bere aktoreak.