Ordiziako San Jose egoitza COVID-19aren erreferentzia zentroa izango da berriz ere
San Josen dauden 20 egoiliarretik 15ek eskatu dute Ordiziako egoitzan geratzea. Adineko egoitzetan inzidentziak gora egin duelako hartu du erabakia aldundiak
Ordiziako San Jose egoitzaren inguruan zalaparta sortu da egunotan. Komunikabide honek, bide ez ofizialetik jakin du, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ordiziako San Jose egoitza, COVID-19 zentro bihurtu nahi duela berriro. Horregatik, bertan dauden egoiliarrak, Tolosako egoitzara eraman nahi izan dituela eta Tolosako zentrora joan nahi ez zuten egoiliarrek, San Jose egoitza utzi eta etxera bueltatu beste aukerarik ez zitzaien eman.
Diputazioaren erabakia ez da ez egoiliarren, ez haien senideen, ez langileen, ez udalaren gustukoa izan, eta indarra egin dute, Ordiziako San Jose egoitzan geratzea nahiago zuten egoiliarrek, aukera hori izan zezaten, bertan geratzeko arrazoi desberdinak eman dituztelarik: egoiliarren euren osasunagatik eta ongizateagatik; bisitan joaten zaizkien senitartekoak gertuago izan ditzaten; eta Tolosako zentroan ere COVID-19 kasu positiboak daudelako.
Eta antza denez, aldundiari helarazitako mezuak fruituak eman ditu; hala aukeratu duten egoiliarrek, San Josen geratzeko aukera izango dute. Une honetan dauden 20 egoiliarretik 15ek, Ordizian geratzea aukeratu dute.
Erreakzioak
Gertatutakoagatik, Ordiziako Udalak argitu du, San Jose Egoitzaren eskumena aldundiaren Kabia erakundearen esku utzi zuela, zerbitzua behar duten ordiziarrei eta eskualdeko herritarrei bermatzen jarraitzeko.
Jarraian azaldu du, ez dela Ordiziako San Jose egoitzako egoiliarrak lekualdatzen dituzten lehen aldia. Egoitzan berrikuntza obrak egiteko bertan zeuden 29 egoiliarrak atera zituztela 2020ko maiatzean (pandemia hasi zenean 65 inguru ziren), baina urrian lanak amaitu ondoren ezin izan zutela Ordiziara itzuli, COVID egoitza bilakatu zuelako aldundiak. Udalak azaldu duenez, berrikuntza lanen helburua, «egoitzako hiru solairuak modu independentean funtzionatzea» izan zen, eta orain, «guztira 58 plaza daude; 21 plaza lehenengo solairuan, 19 plaza bigarrengoan eta 18 plaza hirugarrengoan».
Ordiziako Udalak gehitu du, azkenean, 2021eko maiatzean 14 egoiliarrek Ordiziara itzultzeko aukera izan zutela, eta lehenengo solairuan kokatu zituzten. Lehen solairuan libre geratu ziren plazak erabiltzaile berriei eskaini zitzaizkien eta guztira 20 egoiliar daude gaur egun, Ordiziako Udaletik azaldu dutenez.
COVID-19aren lehenengo bi olatuak izan ziren bortitzenak adineko egoitzetan; Ordiziakoa bereziki kolpatu zituen, egoiliarren erdia inguru hil zelarik.
Datuek hobera egin zuten, eta azken hilabeteetan, adineko egoitzetan ez da nabarmentzeko moduko inzidentziarik eman. Azken asteotan, ordea, berriro ere ari dira COVID agerraldiak gertatzen.
Udalak adierazi duenez, «pandemia egoitzetan izaten ari den eragina ikusita, aldundiak Ordiziako San Jose egoitza COVID egoitza bihurtuko du berriro ere». Aldundiaren hasierako proposamena bertan dauden egoiliarrak berriro beste egoitzetara mugitzea zen, baina egoiliarrek beraiek eta senideek Ordizian geratzeko nahia helarazi diote udalari eta horregatik aldundiari eskatu zaio familiek erabakitzeko aukera izatea.
Azkenean, «20 egoiliarretik 15ek, Ordizian geratzea erabaki dute», eta «hirugarren solairuan kokatuko» dituzte. Gainerako «bi solairuak erabiliko dira COVID egoitza bezala, beste egoitzetan positibo ematen dutenak artatzeko».
San Jose egoitza berriro ere COVID-19 zentro bihurtzeko albisteak, ez ditu langileak bereziki poztu. LAB sindikatuko delegatua den Ainhoa Martinez de Olkozek adierazi du «San Jose, adineko pertsonen egoitza bat da, ez ospitale bat». COVID-19 kasuak bertaratzea «langileek duten zama handitzea» dakarrela, eta haien egoera, «nahikoa kaltetua» izan dela orain arte ere.
ELA sindikatuko ordezkari Ana Mertxanek adierazi du, «gure aitona-amonen eta langileen ongizatea lehenestea dela Aldundiaren ardura eta hainbat jokabiderekin ez duela horrelarik erakusten».
Aldundiaren erantzuna
Maite Peña gizarte politiketako diputatuak azaldu du «pandemiaren hasieran» hartu zuela aldundiak «COVID-19aren arretarako erreferentzia zentroak sortzeko erabakia». Lehen zentroa 2020ko martxoaren 14an ireki zen Donostiako Gurutze Gorriaren egoitzan, eta maiatza bitarten egon zen martxan. Ondoren, Eibarko Ospitaleko solairu sozialera lekualdatu zen erreferentzia zentroa, eta ordundik etenik gabe egon da martxan. 2020ko irailan, kasuen gorakada zela eta, Ordiziako egoitza ere bilakatu zen COVID-19 zentro, Eibarkoarekin batera. Gaur egun, Eibarko Ospitalean eta Arrasateko San Juan de Diosen daude irekita erreferentzia zentroan egoitzetan bizi diren adinekoei arreta emateko. «Egungo intzidentzia altua kontuan izanik, eta pandemia osoan zehar zentro hauek irekita izateak izan dituen onurak kontuan izanik, bi egoitza horiei Ordiziakoa ere gehituko zaie orain», azaldu Peñak.
San Jose egoitza, aurretik ere izan dela COVID-19 erreferentzia zentroa eta «oso ongi funtzionatu» duela. «Egoitzak dauzkan ezaugarriengatik eta 2020ko udara ondoren eginiko birmoldaketa lanei esker, egokiak dira horrelako zentro bat martxan izateko, egindako lanek zetroko serktorizazioa erreztu dute, COVID-19aren aurrean ezinbestekoa izan dena, igogailu berri bat ere ipini zen, eta banakako gelak ere handitu ziren».
Ordizian dauden egoiliarrak beste zentro batzuetara eramatearen arrazoia dela, «osasun eta antolaketa ikuspegitik, COVID-19 zentro izateko, egokiagoa» dela «egoitza hustu eta bere osotasunean COVID-19 kasuak artatzeko prestatzea», eta hori dela hain zuen ere, «egoiliarrei eta familiei gomendatu zaiena, nahiz eta «hasieratik eskaini zaien egoitzan bertan geratzeko aukera».